2009(e)ko irailaren 6(a), igandea

Behe Bidasoako hizkeren altxor ederra

'Behe Bidasoako HITZA'~n argitara emana, 2009ko irailaren 4an, 'Hizkeren altxor ederrak' izenburupean. Paperean baino bertsio osatuxeagoa duzue honakoa:

(Irun, Hondarribia, Hendaia, Urruña, eta Biriatuko hizkeren gaineko jakingarri ugari aurkituko dituzue datozen lerroetan) irakurketa on!

H I Z K E R E N   A L T X O R   E D E R R A
2009.09.03



Gure eskualdean Bidasoa ibaiak euskalkien muga zedarritu arren,
elkarrekiko jarraikortasuna eta eragina nabaria da hizkeretan.




Juanma Sarasola

Berrogoi ta hamar etxe, denak laborari / Hendaiako xokoan gu baiginen bizi / gure lur ederretan kanpainak ikusi, / laborantxaren partez etxeak nagusi. // Iturritxak dituzte erreketan sartu, / kisu labeak ere bai lurrez tapatu, / larretako bidexkak dira desagertu, / etxeak egiteko lurrarekin saldu... Hala dio Extefana Irastortza hendaiarraren olerki batek, kanpainen (baserrien) desagertzeaz kexu. 1925ean jaioa, Hendaiako bertako euskara egiten du, bai hizketan bai bere olerki eta bertsoetan ere. Bere adineko eta gazteago batzuek antzeko hizkera erabiltzen, usatzen dute, baina oso gazte gutxik atxikitzen dute haien ahozko altxorra, alegia, tokiko hizkera eta eguneroko gauzak eta inguratzen gaituztenak izendatzeko hiztegi mamitsua, oparoa.

Hendaian ez ezik, Irunen, Hondarribian, Biriatun, Urruñan... eta gure eskualdetik kanpo ere gertatzen ari da fenomeno hori, ber-bertako hizkeren desagertzea eta beste batzuen -euskara batua, gaztelania, frantsesa- nagusitzea. Erreportaje honetan Behe Bidasoako herrietako hizkeren ezaugarri nagusietako batzuk, antzekotasun nahiz ezberdintasunak, eta bitxikeria batzuk ere aletzen saiatuko gara, bertako lekukoek, filologoek eta ikertzaileek lagunduta.

Aditu askok ikertu dituzte gure bailarako hizkerak, garai ezberdinetan; besteak beste, Larramendi, Bonaparte, Azkue, Holmer, Bahr, Vinson, Altzola, Etxaide, Ondarra, Gimet, Mitxelena, F. Artola (Bordari), K. Artola, Etxaburu (Kamiñazpi), Letamendia, Hualde, Mendizabal (Bixargorri), Sagartzazu, Maia... Bereziki Louis Lucien Bonaparte printzearen irizpideen arabera, duela urte gutxi arte Irun eta Hondarribiko euskarak Gipuzkoako Goi Nafarrera gisa (Irungo barietatean bilduta) sailkatuta zeuden, Oiartzun, Lezo, Arano eta Goizuetarekin batera (batzuek Errenteria-Orereta ere sartu zuten multzoan). Ikertzaile anitzek ondorio horiek berretsi zituzten.

Azken urteetan, aldiz, eta batez ere Koldo Zuazoren lanen ondorioz, Erdialdeko Euskalkia-ren barrenean sailkatuta daude arestiko herriak, Gipuzkoako eta Nafarroako beste hainbat herrirekin batera. Zehazki, Irun, Hondarribia, eta Oiartzun, erdialdeko euskalkiaren, euskalki nafarraren, eta nafar-lapurtarraren arteko tarteko eremuan kokatu ditu, eta sailkapen horrekin bat dator Txomin Sagartzazu filologo eta irakasle hondarribiarra. Hondarribiko eta Irungo euskarak aztertu, eta ikerketak liburu eta CD Rom batean bildu zituen 2005ean: Hondarribiko eta Irungo euskara (Alberdania). Zuazo eibartarrak, besteak beste, Euskalkiak, euskararen dialektoak (Elkar) liburua plazaratua du.

Sagartzazuk ohartarazi duenez, «gauzak beren testuinguruan» ikusi behar dira hizkerak aztertzean: «Hitz, aditz eta esaera asko ez dira soilik gure eskualdean agertzen eta erabiltzen; aitzitik, inguruko eskualdeetan eta baita urrunagoetan ere erabiltzen dira».

Hendaiari, Urruñari, eta Biriaturi dagokienez, herriotako hizkerak Lapurdiko Euskara Kostatarrean sartu izan dituzte adituek, Donibane Lohizune, Ziburu, Ahetze, Bidarte, Getaria eta Azkainerekin batera. Baina ukaezina da Irungo eta Hondarribiko euskaran azpieuskalki horrek duen eragina, baita alderantzizkoa ere.

Lapurdi iparraldeko eta hego-ekialdeko herrietan i+n eta i+l bustidurarik gabe ahoskatzen diren bitartean (egina, ginelarik, bainan / bana, makila, langilea...), Hendaian, Urruñan eta Biriatun egiña, giñela(r)ik, biñon / miñon / bañon, makilla, eta langillia ahoskatzen dira, Irunen eta Hondarribian bezalatsu (baina Lapurdiko herri horietan ginuen / ginduen ahoskatzen dute, ez, ordea giñuen, eta, aldiz, zinioten > ziñioten bihurtzen da). Gauza bera gertatzen da Bidasoaz bi aldeetan bokal arteko Y-arekin: guzíya, igíttiya / jitaya, gurí-guríya, eltzekáriya, zerríyekin, xuríya... Halako hitzekin eta bestelakoekin belarriak goxatzeko, Hendaiako bi emakume xaharren testigantza entzungai duzue Interneten (beste herri batzuetakoak ere badaude webgunean):http://www.euskaltzaindia.net/dok/iker_jagon_tegiak/43655/Hendaia1.mp3.

T-aren bustidura Bidasoaz bi aldeetara gertatzen da hitzen kasuan: ttunttuna (txistua), ttirritta (kilkerra), ttikia / ttipia... Baina aditzetan Hegoaldean aurkituko dugu soilik: itten (egiten), ttigu (dizkigu)...

Bidasoa, zubi eta bereizle

Bidasoa batzuetan lokarri eta besteetan bereizle da euskara kontuetan, eta bereizketak, batik-bat, ezarri dizkiguten banaketa politiko eta administratiboen ondorio dira. Urruñako hizkeraren gaineko lanean, Kamila Zubeldiak dio fonetikan baduela X kontsonantearen maiztasuna hitz hasieretan, beste euskalkiekin konparatuz. «Edonola kokatua izanda ere hitzaren baitan, beti ugaria da: axala, errexa, geixo, lemix, xarpota, xingar, ximiña, xori, xokolotenia, xitoak, xakurra». Hain juxtu, hitz hasieretan Bidasoaz iparraldera eta Baztanen X dena (xori, xakur), TX da Bidasoaz hegoaldera: txori, txakur.

Urruñako euskararekin segituz, Ipar Euskal Herriko beste hizkerekiko lotura nabarmendu du Zubeldiak: «Argi da elementu batzuek lotzen dituztela (o>utxandaketa): pullita, presuna, huntan, ungi; frantseseko /e/ mutuari /a/ gehitzea erdarakadak egitean: kilometra, ober[Z]inak [dx soinuarekin],leg[y]ma [frantsesezko U bokala], matanta». Elementu horiekin bat egiten dute Hendaiak eta Biriatuk, hein handi batean, baina ez Irunek eta Hondarribiak.

Biriaturen kasuan, Michel Hiriart Lekuona auzapeza (1946) hango Andereko Borda kanpainan (baserrian) jaioa da, eta herriko euskara egiten badu ere, seguruenik bere hizkeran eragina izan dute ttikitan Irungo Bidasoa auzoko umeekin irrioan jostatzen aritu izanak, baita amaren aldetik aitona hondarribiarra izateak ere. «Umetan ez giñen plaiara joaten, ez baitzen otorik [autorik]; ibaian ibilki giñen yostetan», azaldu zuen iragan uztailean Hitzari eskainitako elkarrizketan. Biriatuko euskara ez ezik, Berako doinua dario -auzoko herria da-, eta joan aditzaren J soinua ahoskatzean, Irun, Hondarribia nahiz Hego Euskal Herriko toki askotan bezala egiten du, gaztelaniazko moduan, nahiz eta jan, jostetan... eta abar, Y soinuaz ahoskatu. Alabaina, badira joan aditza gan esaten duten biriatuarrak, Hendaian, Urruñan, Donibane Lohizunen, Ziburun, Saran, Urdazubin, eta Zugarramurdin egiten duten bezalaxe.

Hain zuzen ere, joan aditzaren aldaera franko aurki ditzakegu Bidasoaren bi aldeetara. Lapurdiko aldeko gan eta yoan formek fan eta juan (gaztelaniazko J-z) dituzte ispilu bai Irunen bai Hondarribian.

Bidasoatik iparraldera aitzin eta gibel hitzak baliatzen dituzten bitartean, ibaiaz hegoaldera aurre eta atze erabiltzen dituzte. Baina garai batean forma haiek zabalduago zeudela argi eta garbi adierazten du Hondarribiko toponimo edo toki izen pare batek: Jaizkibel (haitz +gibel), eta Argibel (Arri + gibel). Izan ere, garai bateko H hasperendun edo aspiratu hori J edo G bihurtu zen Jaizkibel eta Jaitzubia izenetan (hondarribiar askok Gaizkibel eta Gaitzubia ahoskatzen dituzte), baina gaur egun H-a ez da ahoskatzen, ez gure eskualdean ez Hego Euskal Herri osoan ezta Lapurdiko gainerako herri gehienetan ere.


Elkarren arteko eragina

Hondarribiko Portu auzoa izan da Lapurdi, Gipuzkoa nahiz Bizkaiko kostatik hitz gehien hartu dituen Behe Bidasoako eremua. Gipuzkoako hainbat herrirekin partekatzen ditu laja eta lajatu formak (laga, utzi), baita Gipuzkoa eta Bizkaiko leike (daiteke) ere. Laja, besteak beste, Irunen, Pasai Donibanen, Donostian... erabiltzen da, baita frantsesetik -lapurteraren bidez- hartutako baga ere (uhaina, olatua; frantsesez, vague). Hondarribiko portuarren artean portumunera (diruzorroa), maxina, xaia, blagan (berriketan), plemeara... entzun daitezke oraindik ere. Baita auzotar horien nahiz baserritarren ahotik paidíya eta maidíya formak ere (gaskoitik hartuak), Jaitzubia auzoan eta Irunen atáutxi eta amáutxi (aitabitxi eta amabitxi) direnak.

Auzoak herriko erdigunetik urrun xamar egoteak ere izan du eraginik hizkeran. Hondarribiko Jaitzubia auzoak lotura estuagoa izan du Irungo Anaka eta Katea auzoekin -errepideak eraiki aurretik batez ere-; Kateak Oiartzunekin, Irungo Bidasoa auzoak Biriaturekin eta Berarekin nahiz Lesakarekin; eta Urruñako Pausu auzoak Hendaiarekin, Irunekin, eta Biriaturekin.

Hondarribian mendariya eta mendaittu hitza eta aditza Irunen merienda eta merientu esaten dira. Jana tarteko edo ez, sinkopa edo silaba jatea ere oso ohikoa da Irun-Hondarribian (Oiartzunen eta Bortzirietan ere): ate(ra)tzen, bo(ta)tzen, ti(ra)tzen, ziki(ra)tzen, espe(ra)tzen... eta ekar(ri)ko, ikus(i)ko, etor(ri)ko...

Irunen eta beste herri batzuetan auzolana dena Hondarribian pajina da; Irunen hazkurea, eta Hondarribian haznahia; era berean, goragale edo botagurea-ri goitinahia esaten zaio bi herriotan (eta oka egiteari goitikatu). Hitz hasierako e>i bilakaeraren ondorioz, eduki aditza iruki da bi herriotan (gazteagoen ahotan, euki), baita etxe>itxe aldaketa ere, eta eguzki hitza iguzki eta iruzki gisa ere entzun daiteke, Hendaian, Urruñan eta Biriatun bezala. Gainera, Irun-Hondarribian (hondarribiarren artean gehiago) oso zabalduta daude hitz hasierako kontrako aldaerak, i>e bilakaerak: ikusi>ekusi / ekuxi, ebatsi>ibatsi, hezurra>(h)ixurra (baina malexurra), ipurdi>epurdi (hasierako o-arekin ere gertatzen da: okerra>ukerra). Hondarribian txoil edo txol dute berezko, eta oso, arront / arrunt, eta franko graduatzaileak partekatzen dituzte eskualdeko gainerako herriekin.

Forma bitxirik ere ez da falta. Hondarribiarrek, batik-bat portuarrek, bi forma berexi erabiltzen dituzte, aditz laguntzaileetan. Lehena, -zia da: duziá (duzié ere), ttuziá, diziá, (gu)azemiziá... Nafarroa Garaiko nahiz Behereko toki batzuetan eta Zuberoan antzeko forma baliatzen dute, baina adituen idurikotz, Hondarribikoak ez du haiekin loturarik. Bigarren forma -ketu da. «Etorri ketu naiz» gainerako herrietan «etorri izandu naiz» edo «etorri izatu naiz» esaten da. Adituen iritziz, ukan aditzatik dator forma hori: ukan > uken > uketu > ketu. Sunbilla eta Goizueta aldean ere jaso da aldaera hori.

Ezberdintasunen artean, zerrendatxo bat aletuko dugu, lehenik Bidasoaz iparraldeko formak eta ondotik hegoaldekoak jarrita: ainhitz / asko; apez /apaiz; auzapez / alkate; orai (uai ere) / orain (uáin eta uán ahoskatuta); guttí / gútxi; buraso / guraso; ongi / ondo; izitu / izutu... Halako andana dago.


Antzekotasun ugari

Hitzen aldetik ez ezik, aditz forma askotan euskara nafarrari eta Ipar Euskal Herriko euskalkiei lotuta doaz Behe Bidasoako hizkerak: zakien, zagon, yanguen, natorren, zabilen... eta gipuzkeran zein bizkaieran ez bezala hemen, berez, nintzen, zen, dena... esaten dugu, eta ez nintzan, zan, dana, nahiz eta gipuzkeraren kutsadurak forma horietako batzuk ekarri dituen.

Bidasoaren bi ertzetan esaten da dire (dira ere), iduri du (dirudi), heldu da (dator), goiti eta beheiti (gotti eta betti ere ahoskatuta), idor (lehor), idortzi (igurtzi), kisu (kare, igeltsu), altxatu (jaiki, eta gorde), patar (malda pikoa), tenore (garai)...

Eskualde osoan, arrunt zabaldua dago -ki adizkia: joaki / faki / gaki... joaki naiz (banoa), helduki naiz (banator), izaki / izanki, ibilki, eramaki... Honatx esaldi batzuk: «Nora faki yaiz ordu hoketan?» ; «Hara, Maria! Senarra itxera heldu(ki) dun, uan ekusten diñet kamiyotik honontz, abiyu batian!»; «lasai, amatto, etxean izanki ez dut enbataren beldurrik»...

Gainera, o+a > ua eta e+a > ia bokal bikoteen aldaketak gertatzen dira: ardua / arnua, haize-hegua, txorua... heltzia (hartzea, ontzea) eta eltzia (lapikoa), ijoldia / uheldia (uholdea)...

Beste toki batzuetan zartagi(n), kirten, arkakuso, ukuilu hitzak parera / padera, kider, kukuso, heia dira Behe Bidasoan. Aipagarriak dira ere Irunen eta Hondarribian leiko hitza (babarruna), baita txukuna / txokona (zotina) ere. Irun eta Hondarribiko trikua Hendaian sagarroia da (Bortzirietan bezala).

Azentuera ia berdinekoa da eskualdea, baina herritik herrira pittet bat kanbiatzen da. Horren adibide batzuk: Hondarribiko txúrmiyua (txonkatila) txurníyua da Irunen, eta txokolátia, berriz, txokóltia (tarteko -a bokala janda). Basérri hitza baserrí ahoskatzen da Hondarribiko auzo batzuetan, eta gauza bera gertatzen da baratxúriya / baratxuríya-ren kasuan.

Orain urte batzuk Donibane Lohizuneko Pierre Urte idazlearen lana aztertu zuenean Sagartzazuk ondorioztatu zuen garai batean (XVII. eta XVIII. mendeen artean bizitu zen Urte) Donibane Lohizunetik Behe Bidasoara bitartean azentua oso antzekoa izan zela.

Horiek hala, bada gurean altxor eta pitxi gehiago aurkitzeko aukera. Irantzu Epelde filologo hondarribiarrak Baionako IKER erakundean lan egiten du, hizkuntza ikerketak egiten, eta hainbat lan egin ditu Lapurdiko hizkeren gainean. Laister Lapurdiko 'euskara kostatarra' aztertzekoa da, eta atsegin haundiz irakurriko ditugu haren ikerketak eta ondorioak.



AZKEN HAMARKADETAN EUSKARA FRANKO ALDATU DA

Gazteagoen hizkerak ››

Banaketa politikoak, komunikabideek,
euskara batuak, eta erdarek
euskara itxuraldarazi dute


50 urtetik beheitikoen artean, eta bereziki gazteengan asko ezberdintzen da hizkera, nagusiagoekin alderatuta. Batetik, Hegoaldeko ikastola, euskaltegi etahedabideetako euskara batuak, eta gipuzkerak, Irunen eta Hondarribian (eta gero eta kolonizatuago dagoen Hendaian ere), eta, bestetik Lapurdin lapurtera estandarrak -hedabideetakoa eta Seaskako ikastoletakoa-, arruntean aldatu dituzte eskualdeko hizkerak. Gaztelaniaren eta frantsesaren indarra -estatuen babesari esker- eta higadura ere ez dira nolanahikoak.

XIX. mendean Louis Lucien Bonaparte printze ikertzaileak bildutako forma batzuk aldatu dira edo aldatze bidean daude Irunen eta Hondarribian: zará eta gará aditzak gazteagoen artean ze(r)á eta ge(r)á bilakatu, eta azkenak entzuten dira gehien gaur egun.

Hendaian Koldo Artolak ze eta ge formak -eta ez, ordea, zirá / zará edo girá / gará - jaso zizkion Extefana Irastortzari 1993an, eta halaxe jaso ditugu aurtengo abuztuan. Antzeko formak dituzte Urruñan eta Biriatun, geronen belarriek hala adituta. Forma horiek zaré > za(r)é> zai > zé bilakaera jaso dute (Bidarten eta Getarian Zai eta Gai formak jaso zituzten Artolak eta Yrizarrek). Horren arabera, Ongi ze? litzateke norbaitekin aurkitzean egiten zen galdera. Gaur egun, aldiz, gazte hendaiarrek Ongi zira? edo Zer moduz? formak darabiltza.

Gainera, Ipar Euskal Herriko hizkeretan gero eta errotuago dago -R kontsonantea zintzurrarekin ahoskatzeko joera, frantsesez bezala. Irastortzak abuztuan azaldu zuenez, Hendaian egun hiru era daude esan / erran aditza esateko: «Baduzu betiko forma, erran, eta baita esan forma ere; horrez gain, eggán erraten dute batzuek». Roger Gimetikertzaileak esan zuenez, R zintzurkari hori XX. mende erdialdean hasi zen sartzen, Donibane Lohizunetik.

Artolak Irungo berriemaile bati jasotakoa ere aipatzekoa da, -IT pluralgile nafarra atzera eta -ZKI giputza aurrera zihoazela adierazteko: «Bere aitak eta amak nittion, zittion eta gisa bereko erak erabiltzen zituzten, bera gaztetxo zelarik, Lapitzen, eta Irunen oro har ere, ia euskara baizik egiten ez omen zen garai hartan, era hauek guztiz arruntak zirelarik. Orain bertan ere Pausun halakoak erabiltzen direla dio. Gaur egun, aldiz, Irungo zenbait auzotan erabiltzen diren nizkion, zizkion eta gipuzkerakoak diren hauen gisako erak geroago joan omen dira sartuz, ikastola, telebista eta gainerako komunikabide eta abarren eraginez».

Hitzetan ere gertatzen da ordezkapena. Hendaiako ostatulari gazte bati la fraise nola esaten duen galdetuta, marrubia erantzun du, baina ea arraba edo arrega formak ezagutzen dituen galdetuta, begiek diz-diz egin diote: «A, ba(i), neska lagunak euskaraz gutti daki, baina bere aitatxi-amatxiek badakite, eta heiek arrega esaten dute». Antzeko gauza gertatu zaio Urruñako Herburu auzoko Beñat Elizondori -Pausun Xaia ostatua du-. Lehenik marrubia etorri zaio ahora, baina arrega hitza ez ote zuen ezagutzen galdetutakoan, baietz erantzun du: "Alabaren ahotik ikasiko nuen hori [marrubia], ikastolaren eraginez-edo. Bainan bai, arrega erraten da Urruñan; gainerat, guk [baserri edo kanpainan] biltzen ginduen [genituen]. Hala da ba(i), arrega!".


Erdarakadak, barra-barra

Nagusiki banaketa administratibo eta estatalek dute eragina hizkeretan; Bidasoatik hegoaldera gero eta sartuago dago gaztelania jendearen buruan eta hitz egiteko eran -batez ere euskara mordoilo eta zatarrean-, eta gauza bera gertatzen da Bidasoatik iparraldera. Baina Axularrek zioen bezala,mugatua dagoena ez da euskara bera, euskal hiztuna baizik, euskara -beste hizkuntzetako maileguak barne- benetan baita aberatsa. Hiztunongan datza, beraz, akatsa.

Euskarak mendeotan jasan dituen zapalkuntza, desprestijioa eta bazterketa ezin daitezke ahantzi, baina eragile negatibo horiez gain, hizkeraren pobretzea eta gure interes eskasa direla eta, azken urteetan barra-barra topatuko ditugu honelako esaldiak, batzuek euskañol edota frantseuskara deitu dituzten jardun traketsean: «Joder tío, dago superguay programa hori», «gero dago kedada, 19:00etan Moskun», edota burlaizean nahiz autokritika gisa erabiltzen den hau: «Sonbran tunbatu, eta moskitoak pikatu». Jakina, denak ez dira horrela mintzo, baina joera horiek kezkagarriak dira. Nolanahi ere, gazteen hizkera behar bezala ikertu gabe dago oraindik.


GALTZE BIDEAN EDO GALDUTA DAUDEN FORMAK

Irunen eta Hondarribian oraindik entzuten dira -aki /-akeri , -aken eta -akentzat atzizkiak (baita Bortzirietan ere): «Txoru hoyekeri esan di(ot)et», «lagunakentzat prestatu diat eltzekariya», «Portuarraken Asoziaziyuak organizatu diñ hori»... Baina gazteen artean gero eta gutxiago erabiltzen dira. Gainera, oraindik aditzen dira gustatzen nau / nauzki moduko aditzak Irun-Hondarribian, eta eman gaitu / gaituzki erakoak Hendaian (solezismo kostatarra deituak eta Lapurdiko kostaldean sortuak). Bestalde, Irunen eta Hondarribian XVIII. mendea arte etorkizuneko forma -EN zela zioen Aita Larramendik. Hortaz, eginEN, emanEN, izanEN... esan ohi zen, eta ez gero gipuzkeraren eraginez gailendu ziren eginGO, emanGO, eta izanGO. Etorkizuneko forma hark lotzen zituen nafarrerarekin eta lapurterarekin. Alabaina, Roque Jacinto Salazar apaiz hondarribiarrak 1778an idatzitako predikuan ez dira -EN bukaeradun formak ageri. Irunen gehiago iraun zuen -EN formak, bertako 1783ko platikan esanEN, erranEN, egonEN, eta juanEN formak emanGO, esanGO, eta izanGO formak baino maizago topatu baitzituen Frantzisko Ondarra ikertzaileak. Honek, gainera, Irungo eta Hendaiako 1831ko eta 1832ko predikuetan -EN atzizkia jaso zuen: emanEN, egonEN. Oiartzunen, oraindik esain (esanen) forma dute, aski fosildua geratu bada ere.

Era berean, bokal arteko B letra oso ohikoa zen garai batean Bidasoaren bi aldeetara. Hala topatzen dugu Salazarren predikuan, Irunen eta Hendaian emandako bi predikuetan, Urruñako Udaletik Hondarribira bidalitako gutunetan, eta Bonapartek jasotako testigantzetan. Gaur egun desagertuta daude forma horiek (buruBa, zuBen, niñuBen...).



ESKUALDEKO EZBERDINTASUN BATZUK:

Hitza edo aditza
IRUN HONDARRIBIA HENDAIA BIRIATU URRUÑA

marrubia maraguríya arrába arréga arréga arréga
hona / honat honára / honéra honára hunát / honát hunát / hunérat hunát
zulo / zilo zoló zoló ziló ziló ziló
aurrera / aitzina áurrera áurrera aitzíñat aitzíñat / aitzíñerat aitzíñat
beste / bertze béste béste bértze bértze bértze
deus / ezer déus déus déus yáus déus
baserritar / laborari baserritár baserritár kanpáindar / bordári kanpáindar kanpáinar
txurmio / orkatila txurníyua / ixúña txúrmiyua / ixúña axúiña axúiña asúiña
txilkoa / zilborra txílkua txílkua xílkua xílkua xílkua
gazta / gasna gázta gázta gásna gásna gásna
joan juan / jun / fan juan / jun / fan gan gan / yoan gan
zarete zaté / zeaté/ zazté zaté / zazté zaizté / zizté zaizté zizté
zara zará / ze(r)á zará /z(er)á ze ze / zirá zé / zirá
dituzue ttuzuté /ttuzué ttuzué / ttuziá tutzué tutzué tutzué
huen yu(k)én / yunén zukén / zunén (z)ukén / (z)unén hukén / hunén huén / hunén
haiz yáiz yaiz haiz háiz iáiz
dizkio / nizkion ttio / nittión ttio / nittión diozká / niozkán diozká / niozkán diozká / niozkán
jostatzen / jolasten jostátzen / jolasten jostátzen / jolásten yostétan yostétan yostétan
esan / erran esán esán errán / esán errán errán
eseri / jarri exéri / ixéri ixéri yarri yarrÍ yarri
oratu / hartu orátu / hartú orátu / hartú / itxéki hartú / atxiki hartu / atxiki hartu / atxiki