viernes, 19 de febrero de 2010

Bon Scott joan zela 30 urte

Duela bost urte BERRIA egunkarian argitaratutakoa ekarri dut hona:

BON SCOTT JOAN ZELA 25 URTE

AC/DC-ko kantaria 1980ko otsailaren 19tik 20rako gauean hil zen,
mozkorraldi baten ondoren, bere gonbitoekin itota. 33 urte besterik ez zituen



Juanma Sarasola

Ronald Belford Scott 1946ko uztailaren 9an jaio zen, Kirriemuiren (Eskozia). 1952an Melbournera (Australia) emigratu zuen familiarekin. Umetan, aitarekin eta hainbat emigrante eskoziarrekin batera, gaita banda batean aritu zen, gaita eta danborra jotzen.

Ipurtaire galanta zela erakutsi zuen behin eta berriz, lan berean gutxi iraun baitzuen. Bere izaera askea letretan islatu zuen, hala nola AC/DCrekin idatziriko Rock´n ´Roll singer
kantuan: «Zuretzat 09:00etatik 17:00ak arteko lanaren bizimodua, eta gorbata nahiz lepo gogorra; zuretzat zure balio moralak, guztia gezur zikina baita». Musikarien bizimoduaz zera esan zuen urte batzuk geroago: «Batzuetan, gogorra egiten da biran aritzea, gauero hotel ezberdinetan izatea; baina are okerragoa da tornu baten aurrean egunero, 50 urtez, jardutea. Ni harat-honat nabil eta libre naiz, eta gauero aurpegi berriak ikusten ditut, baita gorputz berriak ukitu ere. Izugarria da, ez dago honen parekorik».

Musika zaletasunari jarraiki, Bon Scottek ibilbide musikal luze eta jori bati ekin zion 1965ean. The Spektorsen aritu zen lehenbizi, eta bertan bateria zein kantari lanak tartekatu zituen. 1967tik 1970 arte The Valentines taldean ibili zen Scott, Vince Lovegrovekin batera kantatzen. Pop biguna jorratu zuen The Valentinesek. Jarraian, 1973 arte, R&B eta country-rock-a lantzen zituen Fraternity taldean jardun zuen, kantari, baina baita flauta eta oboea jotzen ere.

Azkenik, Bonek bere lekua aurkitu zuen, AC/DCn, eta 1974an Dave Evans kantaria ordezkatu ondoren, 1980 arte, hil arte, aritu zen bertan, ironiaz eta zentzu bikoitzez beteriko letrak idatzi eta kantatzen, bere ahots marrantatu bereziarekin. AC/DCrekin, 8 disko ofizial (tartean zuzeneko bat) grabatu zituen, eta bere onenean zela, disko berrirako kantuak egiten ziharduela, eraman zuen Heriok. Azken diskoko Highway to hell kantuan (Infernurako autobidea), zera zioen -modu profetikoan ote?-: «Begiraidazu ama, Promestutako Lurrera noa».

Eta joan, joan zen, baina oroitzapena eta uzta oparoa utzita.

No hay comentarios: