miércoles, 6 de enero de 2016

Anakako erritmoak

Anakako erritmoak

Hona hemen Jose Mari Castilloren Anaka, relato fotográfico de un gran barrio libururako euskaraz eta gaztelaniaz egin dudan ekarpena, Anakako erritmoak izenburuko azpiatala hain zuzen ere. Nere testua lehenik euskaraz idatzi nuen , eta gero horren itzulpena egin nuen gaztelaniara, baina azkenean euskarazkoa kanpoan uztea erabaki du liburuaren egileak, Udalak euskarazko itzulpenik ez zuela diruz lagunduko jakin ondotik. Euskara, nola edo hala, galtzaile.

 Anakako erritmoak

 
Irungo beste auzo historikoek bezala, Anakak ere ekarpen oparoa egin dio hiriaren kulturari; zehatzagoak izateko, bere bizilagunek egin diote. Datozen lerrootan kulturaren arloetako bat izango dugu hizpide, musika hain zuzen ere, eta azken hamarkadetakoa bereziki. 
 

Anakakoak ziren edo Anakan entseguak egiten zituzten Irungo zenbait taldek eta bakarlarik 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, eta gaur egun ere badira ugari zeregin horretan ibilki direnak. Horietako ezagunenen axaleko aipamena daukazue segidan. 
 

Kortatu: Muguruza anaiak berez Lapitzekoak izan arren, familia Anakara aldatu zen bizitzera, Beraun aldera. Gero, Fermin handik hurbil, Bidasoa kalean bizitu zen urte batzuk. Taldeko lehenbiziko bateria jotzailea, Mattin Sorzabalbere Urantzu-San Migel inguruan jaio eta hazi zen. Honek hainbat taldetan jo izan du: Elatzeta, Muerte Subita, Krimental, Anti-Regimen, Baldin Bada, Imuntzo eta Beloki, Mattin eta Katrin, Mugaldekoak... Fermin eta Iñigo Muguruza ere proiektu andana batean ibiliak dira Kortatu desegin zutenetik, hala nola Negu Gorriak taldean. Kortaturen kasuan, bolada batean Soroxartan egin zituen entseguak. Gainera, bai Kortaturen bai Negu Gorriaken kasuetan, bi taldeok Anakan errodatu zituzten beren 'Sarri Sarri' eta 'Radio Rahim' bideotako irudi batzuk. Horietan agertzen dira 'Topo'-aren geltokia eta Santifer enpresa zaharra. Kortatuk bere lehenbizikoetako kontzertu bat Hondarribia kalean zegoen Pub Giroan (orain Aldapa taberna) eman zuten 1984ko udan. Iñigo Muguruzak, Kortatun jo aurretik Des-Band taldean jo zuen, lagun hondarribiar batzuekin, baina entseguak bere gurasoen etxeko ganbaran egiten zituzten. 
 

Muguruzatarrekin ari garela, ezin ahaztu anaiarik zaharrena, Jabier, ttikitan nazioarteko hamaikatxo akordeoi txapelketatako irabazle, eta geroago, gazte eta heltzaroan taldeetan -Les Mecaniciens, esaterako- nahiz bakarlari aritu izan dena. Iñigo anaiarekin batera, gainera, Joxe Ripiau osatu zuen. Orain Jabier Anakako mugatik oso metro gutxira bizi da, Junkal elizatik oso hurbil. 
 

Anakako kide bat gutxienez izan duen eta Anakan entseguak egiten zituen beste talde bat aipatuko dugu: Vomito (hasieran Vomito Social). Claus Groten baxu jotzailearen aitaren Soroxartako metal lantegian biltzen ziren taldekoak beren kantuak sortzeko eta ontzeko. Claus, gainera, Anaka bertakoa da, Beraun ingurukoa. Bere taldea ez ezik, Anti-Regimen, Bolingas Anonimos, eta bolada batean Kortatu ere ibili ziren entsegu leku berean. 
 

Anti-Regimeneko Miguel Garcia (Oztopoka eta Defecto Humano talde irundarretan ere aritua) eta Juancar anaia (musikaria ere, Anakan du bere Bloody Mary disko denda, Cipriano Larrañagaren kalean) Santiago auzunekoak dira. Bi anaiek Irundik kanpoko taldeetan jo izan dute. 
 

Lehenago aipatu dugun Krimental taldeak Hondarribia kaleko 1.go zenbakiko soto batean grabatu zuen bere maketa, baita Kortatuk ere. Baldin Bada taldeko kide Kandi eta Paco 'Perkins' Fernandezen familiarena zen soto hura, eta taldeko kantari Pablo Susperregi 'Katu'-k egin zituen grabazioak. Taldeak bere lehenbiziko emanaldia arestian aipatutako Giroa tabernan eskaini zuen.

Apurtu punk-rock taldeko bateria jotzailea, Jose Antonio Carbajo 'Txapas' Anakakoa da. Taldeak 2015eko udan esan du agur.


Artefacto San Migel auzuneko jendeak osatutako rock taldea zen. Maketa bat kaleratu zuten. 
 

Auskalo! rock taldearen bigarren etapan (1991-1993) kantaria, Juanma Sarasola -lerro hauen idazlea- Anakakoa zen, El Pinar-Antzaran ingurukoa. 
 

Temblores rockabilly taldeko bateria jotzailea, Edu Vicente, El Pinar kalean zapatadenda zeukan baten semea da, eta han inguruan bizitu zen. Taldeko kontrabaxu jotzailea ere, Rafa Ardanui Zuazo, han ingurukoa da, Ducoureau pareko etxeetakoa. Talde horrek Irungo Udalak 1993an antolatutako Pop-Rock lehiaketa irabazi zuen. Antzaran inguruko Ducoureau jauregian egiten zituen entseguak, beste hainbat talderekin batera. 
 

The Morapios punk-rock taldeak Salis etorbideko etxabe batean egiten zituen entseguak. 
 

Lasai-Massai Irungo afro-reggae taldean eta Lapurdiko King Mafrundin gitarra jo eta kantatzen aritutako Ohmar Yeli Toure 'Ohms' senegaldarra Anakan bizitutakoa da.


Beste musika estilo arrunt ezberdin batekoak ditugu Koldo eta Xabi Sorzabalbere lehengusu txalapartariak. Aizmondo baserria egon zen lekuan eraikitako etxebizitza blokean jaioa dugu Koldo (Mattin anaia bezala). Irunen txalaparta berreskuratu zuen bikotea dugu, txalapartari gazteagoen irakaslea, lehengoaren eta orainaren arteko transmisio katea, eta txalaparta tradizionalaz gain modernoa eta sortzailea jorratu duena. 
 

Mikel Garikoitz taula gainean Oihana plaza taldean hasi bazen ere, Akelarreko argi teknikari eta bakarlari gisa aritu da gehienbat musikaren alorrean. Gitarra eta ahotsa uztartuta, folk eta country estiloak landu ditu gehienbat Santiago auzunean jaio eta hazitako musikariak. 
 

Sagarroi taldearen azken urteetan Miren Gaztañaga anakarra aritu zen kantari -aktorea ere bada-. Anakan hazitako Iñigo Muguruza zuen taldekideetako bat. 
 

Hondarribiko DUT, Donostialdeko Big Crunch, Irun inguruko Kuraia eta orain Lekunberriko Berri Txarrak taldeetan bateria jotzaile aritu izan den Galder Izagirre ere Anakakoa da. 
 

Bestalde, Lakaxita izeneko gaztetxea -Anaka kalean- azken urteetako topagune eta hamaika ekimen nahiz ekitalditarako lekua dugu, baita, noski musika emanaldietarako ere. 
 

Denboran atzera eginda, eta musikarekin eta ahozko literaturarekin harreman zuzena duen ekinbide batean, bertsolaritzan, Anakako bi harribitxi ditugu. Batetik, Santiago kaleko Joxe Mari Lopetegi (1875-1942) bertsolari errepublikanoa dugu -duela hamar bat urte Santiagoko Joxean Elosegik haren bertsoak apailatu eta argitaratu zituen-, eta, bestetik, Joxe Mari Ezkerra 'Lekai', ustez Lekainea baserrikoa. XIX. mendekoa genuen azken hau. 
 

Ahaztu gabe 'operetako printzea', Luis Mariano, Anakan bizitu zela, Cipriano Larrañaga kalean. Bere izena daraman eta hamaika kontzertu operistiko antolatzen dituen Luis Mariano Elkarte Lirikoak El Pinar kalean du egoitza. 

 
P.S.: Castilloren liburuko artikulutik kanpo. Apurtuko Aitor Perezek aipatuak
Dominium, Skizofrenia, T.A.D., Le Macadam, Finger Aguirre, Abadie 500... eta San Migelen, Munipas Underground, Pig's Milk, Bort...


No hay comentarios: