martes, 28 de julio de 2009

103 urte... eta segi aurrera!

BEHE BIDASOAKO HITZA egunkarian argitaratua, 2009ko uztailaren 24an, ostiralarekin.

Igandean Hondarribiko bizilagunik zaharrenaren ohorea berriz betetzekoa da Prudentxi Antzizar.
Duela urte batzuk bere ahizpa batek, Ramonak, izan zuen ohore hori, iraupen handiko familian.


103 urte... eta segi aurrera!

Juanma Sarasola

Hondarribiko bizilagunik xaharrena dugu Prudentxi Antzizar Arotzena. Adinak eta hamarkada luzeetan egindako lan gogorrak ez dute barkatzen, baina bizitzeko grina ederki itxekitzen du Arroka baserrian (Akartegi auzoa) 1906ko uztailaren 26an jaiotako emakumeak. Bederatzi seme-alabetan zazpigarrenak, haurride bakarra du bizirik, Akilino anaia, eta hain xuxen ere, igandean biek beteko dituzte urteak: Prudentxik 103, eta Akilinok 88. Antzizartarrena, behintzat Prudentxiren anai-arreben kasuan, iraupen handiko familia da.

Adinak ez dizkio Prudentxiri ttiki-ttikitako oroitzapenak lausotu. Ondo gogoan ditu batzu-batzuk: «Arroka baserrian jaio ginen, eta gero, aberats batek han villa bat eraiki nahi izan zuenean, lemixi Portuko itxe batera, eta geroago Arroka Txikira fan ginen. Arroka baserri ederra zen, baratzeak, soroak, arbolak, erreka bat... zituen. Itsaso gainean bizi ginen, urak bertaraino iristen ziren. Hondartzara jaisten ginen bainatzera, bestela Butroi pasealekuko arranpletara».

Gurasoak Joxe Dionisio Antzizar Berra eta Joxefa Anttoni Arotzena Beobide zituen. Aita Marisantzenea baserrikoa (Akartegi), eta ama Murixenekoa (Gornutz auzoa). Bi baserriak desagertuta daude aspaldi. Belaunaldi batzuk atzerago, bai Antzizar (XIX. mende hasieran) bai Arotzena (XVIII. mende erdialdean) abizenek Goizuetan (Nafarroa) dute jatorria.

Prudentxi urte askotan San Pedro kalean bizi ondotik, azken urteetan Akartegin bizi da, Tturi alabarekin.

Lan franko, baina festa ere

«[Zeruko] Argia egunkarian anuntzio bat ikusi nuen, eta horrela hasi nintzen plantxa-rekin, Irungo Hotel Terminusen», oroitzen da Prudentxi. Senarra izango zena hotel hartan ezagutu zuen, hark ere han lan egin baitzuen hasieran. Lisatzailez gain, ostalari ere aritu zen Prudentxi. Azken lanbide honetan urteak eta urteak eman zituen: berak sortu eta eraman zuen Arrantzale Txoko jatetxea, Hondarribiko San Pedro kalean.

«Cooperativa Catolica del Campo zen toki hura. Guk jarri genion Arrantzale Txoko izena jatetxe bihurtu genuenean. Senar-emazteok 20na duro irabazten genituen hilabetean. Hasieran lan gutxi genuen, arrantzaleek gutxi atzaman, eta jatetxera etortzerik ez zutelako. Gero kanpotar asko etortzen hasi ziren, bañistak-eta. Jangelan eta mostradorean aritu nintzen. Jubilatuta ere segitu nuen lanean». Gerora Joxe Antonio semearen eskuetan utzi zuen jatetxea.

Gaztetan, lanean ez ezik, dantzan ere ibili zen. «Dantza egiten genuen, asko, Alamedan eta Butroin. Dantza sasoia maiatzean hasi, eta Hondarbiko festetan bukatzen zen. Lagunekin faten nintzen, Ramona ahizparekin ere».

1936ko gerra lehertu zenean bikote alemaniar batekin zebilen paseatzen autoan, Debatik Eibarrera (Gipuzkoa). Haientzako lanean aritu zen, neskame. «Notiziya jakin genuenean autoan eraman ninduten etxera, eta inork guri tiro ez egiteko zapi bat eramaki genuen leihotik kanpo».

Familia kontuak

Hendaiako Telleri baserriko (Orio auzoa) seme Beñardo Samorarekin ezkondua egon zen Prudentxi, eta bost seme-alaba izan zituzten: Juan Mari (9 urterekin hila), Dionisio, Bentura (Tturi), Joxe Antonio, eta Beñardo. Prudentxik 11 biloba ditu, eta sei birbiloba.

«103 urte egin behar ditut, siento tres», esan du Prudentxik, urtebetetze atarian. «Cognac 103 bezala, ama», zirikatu dio Dionisio semeak, eta Prudentxik, baietz erantzun, barrez. Umorea lagun du, baita batzuetan -alabak azaldu duenez- antzizartarren jenio bizia ere.

Bederatzi anai-arrebetatik bakar batek, Konstantxiok (1901-1936) ez zuen gainditu 80 urteko muga; neumoniak jota hil zen. Gainerakoak urte asko bizitu ziren, eta bizi dira (Prudentxiren eta Akilinoren kasuan): Konstantxioren arreba bixkia zen Daniela 87 urte (1901-1988); Ramona, 103 urte (1903-2006); Karmen, 92 urte (1909an jaioa, 2002an hila, 93 bete aurretik); Maritxu -moja-, 91 urte (1915-2006); Konstantina, 82 urte (1919-2002, 83 bete aitzin); Markox, 92 urte (1921-2004).

Prudentxi Antzizarrek ez ezik, beste herrikide batzuek 100 urte baino gehiago dituzte: Maria Iriarte Etxebeste (102 urte bete zituen martxoan), eta Flora Martin Caballero (102 urte egin zituen apirilean). Maria Josefa Eizagirre Ibarguren, aldiz, otsailean zendu zen, 102 urte bete eta hilabetera.




OHARRA:
Prudentxi Antzizar eserita ageri da argazkian, urteak bete baino astebete lehenago, senideez inguratuta. Ezker-eskuin, Joxe iloba (eta honen biloba, Iker), eta seme-alabetako bi, Dionisio eta Tturi.

No hay comentarios: