miércoles, 13 de enero de 2016

When Muguruza Goes Marching In

Muguruza gaztetatik interesatu eta blaitu da musika beltzaren doinuetan eta erritmoetan, eta bere musika ibilbidean ederki islatu da eragin hori, bere zabalean. Oraingoan New Orleanseko tradizioko eragin askotariko  erritmo, soinu eta instrumentuez baliatu da bere mezuak eta dantzarako gogoa barreiatzeko. Lan bikaina. ‘When The Saints Go Marching In’ gospel kantua ez zegokeen lekuz kanpo, Muguruzaren martxa alai horretan


Azken urteetan ohikoa duen moduan, eta bere harreman sare zabalari esker, Euskal Herritik eta Europatik kanpoko musikariekin lan egin du oraingoan ere Fermin Muguruzak; kasu honetan New Orleanseko bertako artistekin. 10 kantuz osatutako ‘Irun Meets New Orleans’ diskoa  eta ‘Nola?’ izenburuko dokumentala plazaratu berri ditu, Lousianako hiriburuaren berreraikuntza eta hango komunitatearen adorea eta bizimodua –musikari oso lotua- azaltzen dituena. Bere ibilbide luzeko zortzi pieza aukeratu, eta à la New Orleans moldatu eta eskaini ditu, AEBetako musika beltzaren klasiko baten eta kantu berriago baten egokitzapenak ere erantsita. Lana hantxe bertan atondu eta grabatu du, bertako bi talderen laguntzarekin, Jonathan Freilich ekoizle, moldatzaile, eta musikariaren gidaritzapean. Promozio orriari jarraiki, bi talde eratu zituzten: alde batetik, brass band bat, eta, bestetik, rhythm’n’blueseko beste talde bat, azken hau «malguagoa, ska eta punk sentimendua eta neworleanstar soinua batera zitzakeena».

Hauexek dira Muguruzaren ibilbidetik egokitutako zortzi abestiak, diskoan agertzen diren hurrenkeran: Kolore bizia’, Etxerat!’, In-komunikazioa’, Zugarramurdin akelarrea’, Dub Manifest’, After Boltxebike’, Gora herria’, eta Black Is Beltza’. Horiei musika beltzeko bi kantu gehitu dizkiete, moldatuta biak ala biak ere: ‘Mess Around’ eta ‘When I die’. 
 
‘Mess around’, nahas-mahasean
-

-mahasean

Kortaturen, Negu Gorriaken eta soul nahiz rhythm’n’bluesaren klasikoen eta Fermin Muguruzaren bakarkako ibilbideko hainbat kanturen egokitzapena, à la New Orleans, Louisianako hiriburuan eta hango musikariekin grabatua. Jazz, rhythm’n’blues, zyadeco… doinuak dira nagusi, Muguruzaren ibilbideko rock, punk-rock eta ska erritmoak leunduta eta ‘Mardi Gras’ inauteri kutsuz zipriztinduta.

Ray Charlesengandik gehienbat ezagutzen dugun ‘Mess around’ kantua bikain ekarri dute diskora, hala jatorrizko hizkuntzan –ingelesa- nola euskaraz kantatua, Erica Fallsek eta Muguruzak, hurrenez hurren. New Orleans oso ezaguna da bere inauteriengatik, eta kantu hau ezinhobea da festa giro horrekin kutsatzeko.


‘When I die’, heriotzaren ospakizuna lau haizeetara zabaltzen dituen kantua, Erica Fallsek eta Muguruzak eskuz esku kantatua dugu. Kermit Ruffinsek 2002an argitaratutako kantua New Orleansen estiloan eta espirituan ederki egindako egokitzapen moduan eskaini digute orain Muguruzak eta lagunek.
 
‘Katrina’ urakanak 2005ean eragindako hondamendia –eraikitako azpiegitura kaskarrek eta agintarien utzikeriak eta arrazakeriak okerragotuta- latza izan zen bertakoentzat, baina komunitate elkartasunak eta auzolanak hiriko auzo txiro eta langileen berreraikuntza ahalbidetu zituzten –agintariak lotsagarri utzita-, eta komunitate sen horrek batez ere aurrera segitzeko kemena eta gogoa bizirik atxiki ditu. New Orleanseko kontuak bere jaioterri eta bizilekuarekin uztartzen ditu Muguruzak, eta Irungo Mosku auzune herrikoian festarako gonbitea egiten du. Nolanahi ere, aurten hildako Amaia Apaolaza bere manager eta adiskidea omendu nahi izan du Muguruzak kantuarekin. 
 
‘Gora Herria’ kantuan deigarria da trikitiaren lekuan Louisianako instrumentu tipiko bat aurkitzen dugula: zyadeco akordeoia, bere sonoritate bereziarekin. 

‘Black is Beltza’ kantua izen bereko eleberri grafikoa egin zuen unekoa dugu, Iruñeko erraldoietako batzuk –beltzak- New Yorkeko kaleetan ezin ibili arrazakeriak kutsatutako erabaki batek baztertuta utzi zitueneko gorabeherak kontatzen dituena. 

Kolore bizi-apalak

Kantuen aukeraketari dagokionez –gustu kontua, jakina-, ‘Kolore biziak’ kantuan ez da besteetan bezainbeste sumatzen jatorrizkotik egokitzapenerako aldea. Kantuaren hitzengatik oso egokia da, arrazakeriaren salaketa eta kultura ezberdinen aberastasunaren promozioa egiten baitu, baina haize eta erritmo sekzioetan ukitu berria ez da hainbeste nabaritzen, jatorrizkoa berez bazelako arrunt jai girokoa. ‘Etxerat’ kantuan antzera gertatzen da haize sekzioarekin, baina kasu honetan –nere ustez- egokiago gelditu da bertsioa. Indar gehiagorekin egiten du distira Redskins taldearen kantu haren zatitxoaren txertatzea, Kortaturen jatorrizko kantuaren nahiz oraingo bertsioaren leloan haize sekzioa nabarmentzen den unea, alegia. 

‘Dub Manifest’ kantuak jatorriz ‘komertzialegia’ eta xaloegia zeukan leloa (“Dub manifest, yeah-yeah-yeah”), eta disko honetan ere ez da gustuen dudan kantua, hitzak mezu sendoa badakar ere.  

Alex de la Iglesiaren ‘Las Brujas de Zugarramurdi’ filmerako egin zuen kantua ere berreskuratu eta berregokitu du irundarrak ‘Irun Meets New Orleans’ diskorako, gainera, kantuaren erdialdean-edo New Orleanseko musikariei ‘barra librea’ emanez, tarte zabal batean. 

Beltz taupadak
zainetan

Muguruza gaztetatik interesatu eta blaitu da musika beltzaren doinuetan eta erritmoetan, eta bere musika ibilbidean ederki islatu da eragin hori, bere zabalean. Izan reggaea eta ska (adibidez, Toots and the Maytalsen ‘Chatty Chatty’ reggae kantua Kortatuk ‘Sarri sarri’ ska kantu bilakatu zuenean edota Kortaturen ‘En la línea del frente’ reggae erritmoz bertsionatu zuenean urte batzuk geroago, ‘Euskal Herria-Jamaica Clash’ bere diskorako), izan soula edo rhythm’n’bluesa (Sam Cooken ‘All of my life’-ren hasiera sanpleatu –NWAk egin bezala- eta Negu Gorriaken ‘Nire bizitza osoa’ kantuan txertatu zuen, James Brownen ‘Say it out loud, I’m Black and I’m proud’ leloa NGren ‘Esan Ozenki’ rap kantuan), izan rapa, izan reggaearen hainbat deribatu (nik oso gustuko ez ditudan dub-a, dance hall-a, raggamuffin’-a…). 

Oraingoan New Orleanseko tradizioko eragin askotariko (afrikar, frantses-‘cajun’…) erritmo, soinu eta instrumentuez baliatu da bere mezuak eta dantzarako gogoa barreiatzeko. Lan bikaina. ‘When The Saints Go Marching In’ gospel kantua ez zegokeen lekuz kanpo, Muguruzaren martxa alai horretan. 

Zerekin etorriko zaigu hurrengoan? Ondo legoke proposamen gisa balio beza- rhythm’n’blues erritmoetan gehiago eta nabarmenago barneratuko balitz, baita erritmo funkyetara eta swing nahiz be-bop ikutuetara lerratuko balitz. 


Juanma Sarasola
2015eko abenduan

No hay comentarios: