2015(e)ko abenduaren 23(a), asteazkena

Mosku herdoiltzen ari ote?

Mosku herdoiltzen ari ote?

(Beñat Muguruzaren `Moskuko herdoila` iritzi artikuluari erantzunez.
N
N
N
N
Ene erantzunak gorriz tartekatuta)


Juanma Sarasola kazetari irundarraren `Moskuko urrea` liburukotea ari naiz irakurtzen, azken urte luzeotan ondutakoa. Agian norbaiti ezaguna egingo zaio; 1980eko hamarkadan egon omen zen mugimendu bat, berehala Rock Radical Vasco etiketapean harat eta honat saltzen ibili zirena.
Tira, liburua excusatio non petita batekin hasten da. «Zer ez den liburu hau», ohartarazten digu autoreak. Eta zer ez da? Bada, «ez da nostalgia edo oroiminez blaitutako testigantzen bilduma». Domaia, handik bi orrialdera accusatio manifesta irakurri beharra: «Ekintza zuzenaren, inkonformismoaren, matxinadaren, eta irudimenaren nahiz sormenaren garai haietatik badugu zer ikasia».

Kaixo, Beñat. Banuen aspalditxo zure zutabearen berri, baina gaur arte ez dut zure iritzi artikulu honen berririk izan; kasualitatez edo errebotez iritsi naiz, Interneten maiz gertatzen denez. Kritika eskertzen dizut, baina zure esaldi batzuei puntualizazio eta azalpen batzuk egin beharra dagoela uste dut, zure bigarren paragrafotik hasita.
Excusatio non petita, accusatio manifesta latinezko esaera zaharra darabilzu –gustuko dudan esaera, bidenabar-, baina iduritzen zait hitzaurreko halako kontraesan bat salatu nahi duzula, nire idurikotz esistitzen ez dena. Izan ere, esaten dudanean liburua ez dela nostalgia edo oroiminez blaitutako testigantzen bilduma, liburuko elkarrizketatuek beraiek adierazitakoa laburbiltzen dut, baita nire iduripena adierazi ere. Eta zuk accusatio manifesta-tzat jotzen duzuna («Ekintza zuzenaren, inkonformismoaren, matxinadaren, eta irudimenaren nahiz sormenaren garai haietatik badugu zer ikasia») nire ustez ez da hala. Liburuan nostalgia kutsurik -behintzat kutsu konsziente eta argirik- ez egotea bateragarria da garai jakin batetik ikasgaiak jasotzeko aukerarekin, ez da kontraesankorra. Ikasi, beti dago zer ikasi, lehengo nahiz oraingo garaietatik, beti badagoelako zer aldatu eta zer hobetu

Uste dut liburuan aski argi utzi dudala –behintzat horretan saiatu naiz- ez direla garai haiek –ezta beste edozein garai ere- mitifikatu behar, eta hain zuzen ere, liburua egitearen helburuetako bat desmitifikazioa izan da, garai haiek hobeto ezagutzeaz eta islatzeaz gain. Ez da nere asmoa izan geroagoko garaiak eta geroagoko belaunaldiak eta hauen ekarpena gutxiestea, ezta hurrik eman ere. 1983-1993ko protagonista eta lekuko batzuei ahotsa ematen saiatu naiz, beren oroitzapenak eta iritziak zuzenean jaso eta irakurleekin partekatzeko. 

2011n dokumental berria aurkeztu zuen Begoña Atutxak, Rock Radical Vasco: la gran martxa de los 80 izenekoa. Joan ginen aurkezpenera, Bilboko Alondegira, eta emanaldiaren ondoren Atutxa bera, Fermin Etxegoien —gidoigilea—, eta Roberto Moso solasaldi ederrean. Eta hirurak, autokonplazentziaz, zeinen beharrezkoa zen halako lan bat, garai hura ez dadin ahanzturan erori. Niri geratu zitzaidan aho zaporea bestelakoa izan zen: «Joe, hauek nahiago dute ikusi (eta erakutsi!) zer izan ziren, edo zer uste duten izan zirela eta ez zer diren gaur egun, zer ez duten lortu izatea».

Baliteke zenbait kasutan autokonplazentzia egotea garai haiek zuzenean bizitu zituztenen aldetik, baina Irunen elkarrizketatu ditudanen artean behinik-behin ez dut halako jarrerarik sumatu. Baliteke ere baten batek garai eta aktibitate haiek gainbaloratzea, modu konszientean edota inkonszientean, baina nik nire bilketa lanean nostalgiarik gabeko eta hankak lurrean dituzten pertsonak aurkitu ditut Irunen. Beren garaian egindakoa –ondo, erdizka nahiz gaizki- beren bizitzetako etapa baten moduan agertu dute Moskuko urrea liburuko elkarrizketatuek, eta ez dute une haietara itzultzeko inolako gogorik adierazi. Aitzitik, ondo ikusi dute –neronek ere ikusi dudan moduan- garai hura, bere alde on eta txarrekin ez ahazteko dokumentazio eta bilketa lanak egitea. Ondo legoke ere erakustea «gaur egun zer diren eta zer ez duten lortu izatea», bai; nik behintzat, Moskuko urrea-n ez diot horri garrantzi eta tarte berezirik eman. 

Baina beno, txikikeriak alde batera utzita, beti dago ondo zure senideen droga kontsumoaren gainean xehetasun gehiago jakitea. Morbo apur bat ematen dio kontakizunari. Horrez gain, liburuko 82. orrialdera arte ez nintzela konturatu Zikinbrillo oximoron bat zenik.

Halaxe da, bai; hain zuzen ere zure aitak eta osabetako batek osatutako ibilbide laburreko taldetxoaren izena zen Zikinbrillo, eta zure osaba Ferminek liburuko elkarrizketan aipatzen du izen konposatu horrek bere baitan dakarren halako oximoronak oso gustuko izan dituela beti. Bien bitartean, droga kontsumoen gaineko xehetasunak –morboa izan edo ez- protagonistek beraiek ematen dituzte, garaiko testuinguruan kokatuta. Ez da morboak bultzatutako kontua izan. 

Txikikerietara bueltatuta, nire aspaldiko susmoa baieztatzen ari da pixkanaka, liburuan aurrera egin ahala. 1970-80ko eztanda kultural-alternatibo-politiko-militantea erabat minoritarioa zela, alegia. Ez gaur egun dagoen mugimendua bezain txikia, baina gehiengo handiarentzat ikusezina zela orduan ere. Orduan loratu ziren fanzine eta abarrak Euskal Herrian, baina beti izan ziren gutxiengoak eginak, gutxiengoak kontsumituak. Saltzen zaiguna, ordea, beste zerbait da; badirudi 1980eko hamarraldian eraikin huts bat okupatzen ari ez zena fanzine berri bat sortzen ari zela, edo irrati libre bateko programa batean esatari ez zebilena, bere lehenengo heroina dosia ziztatzen ari zela.

«Saltzen zaiguna, ordea…». Saltze kontuetan Moskuko urrea liburuaz ari bazara behintzat, ez nago erabat ados zuk diozunarekin. Beharbada orokorrean ari zara. Jakina kultura, politika eta gizarte mugimenduen eztanda edo loraldia ez zela gizartearen gehiengoan gertatu eta islatu, baina ez da egia «erabat» minoritarioa zela. Argi dago soilik gizartearen eta gazteriaren sektore bat ibili zela halako saltsatan murgildua edota haiek hurbiletik segitzen, eta dinamismoa, ekintzak, sorkuntza… eta halakoak ez zirela gizartean nagusi. Ez zen egoera ideala eta ez zuten gazte eta heldu guziek parte hartzen, noski, bestela beste kuku batek joko zigukeen. Liburuan, 1980ko hamarkada hasieratik 1990eko hamarkada erdialdera arte modu dinamikoan hainbat alorretan parte hartu zutenen esperientziak bildu nahi izan ditut. Bakoitzaren parte-hartze edota aktibitate maila ezberdina izan zen, eta zer kontatua izango zutelakoan andana bat pertsona aukeratu nituen, nork bere testigantza eta balorazioa eman zezan. Ezin lekukotza interesgarri guziak bildu, arrazoi praktikoengatik: denbora eta leku falta, hitz egiteko borondatea, presentzia fisikoa –batzuk zoritxarrez dagoeneko hilda-, irisgarritasuna… 

Seguraski istorio eta anekdota eder nahiz garratz franko gelditu dira liburutik kanpo; autorearen mugak ere hor daude. Bestalde, orduko gizarteko beste sektoreen iritziak ez ditut bildu, ez zirelako horiek liburuaren helburuetan sartzen. Mosku auzunean eta baita handik kanpo, Irungo beste eremu batzuetan ere (Moskurekin harremana izan edo ez) egosten ziren saltsak izan ditut aztergai. Eta uste dut –eta hori izan da nere asmoa, bederen- liburuan orduko kontraesanak, mugak, gabeziak, frustrazioak, arazoak, akatsak… ederki islatzen direla, ez baitzen oro urre. Argilunak, alde positibo nahiz negatiboak, islatzen ahalegindu naiz, ahalik eta panorama eta testuingururik osatuenean. 
  Beharbada ez nik ez liburuko elkarrizketatuek ez dugu espresuki eta hitzez hitz nabarmendu zuk, Beñat, oro har kritikatzen duzuna, alegia, ez zela egia «1980eko hamarraldian eraikin huts bat okupatzen ari ez zena fanzine berri bat sortzen ari zela, edo irrati libre bateko programa batean esatari ez zebilena, bere lehenengo heroina dosia ziztatzen ari zela». Baina uste eta espero dut liburua osorik irakurtzen duenak hori erraz antzemango duela eta gauzak bere neurrian eta testuinguruan jartzeko balioko diola. 

Gehienak errentetatik bizi direla? Uf, hori asko esatea da, kontuan hartuta zer uste duten egin zutela belaunaldi hartakoek. Zorionez, ez dut uste egungo gaztetxoentzat inolako erreferente denik RRV mugimendua. Ez die aurrera egitea eragotziko, ez dute guk eraman behar izan dugun zama gainean izango. Hori bai, hasi beharko dugu beste dokumental bat egitea pentsatzen, ez ahal dira Evaristo eta enparauak azkenean ahanzturan eroriko.

Garai hura –eta liburua bera ere- ez ziren soilik RRV mugimenduari lotuak egon, zorionez. Ezin naiz oraingo gaztetxoen lekuan jarri eta oso zehatz jakin haientzat Rock Radical Vasco delakoa zer-nolako erreferentzia den. Dakidana da sare sozialetan gaztetxo zenbaitengan izan badela erreferentzia, baina badakit zale horiek ez direla inondik ere gaurko gaztetxoen gehiengoa. 
Ados nago esaten duzunean ez diela aurrera egitea eragotziko eta ez dutela zure belaunaldikoengan (1980ko hamarkada erditsu-bukaeran jaiotakoak) eroritako zama karriatu beharrik izango. Zure azken esaldiaren ironiak ironia, uste dut ondo legokeela garai eta mugimendu nahiz bakarkako ekimen interesgarriak –norentzat eta horrela- dokumentatzea. Gero, norberak ikusiko du besteen lanak irakurri, entzun edota ikusi nahi dituen; Moskuko ‘urrea’ –jendea- zenbateraino herdoilduko den (berez pertsona oro herdoiltzen gara, bizitzak eta gure jarrerak herdoiltzen gaituzte hein batean zein bestean) eta horri mitifikazioaren edo desmitifikazioaren filtroak jarrita begiratuko zaion.


Segi pixkor.

Juanma Sarasola Murgia, ‘Xaun’


Beñat Muguruzaren artikulua: (han ezin erantzun)
http://oarsobidasoa.hitza.eus/2015/11/17/irun-moskuko-herdoila/