Mosku herdoiltzen ari ote?
(Beñat Muguruzaren `Moskuko herdoila` iritzi artikuluari erantzunez.
N
N
N
N
Ene erantzunak gorriz tartekatuta)
Juanma
Sarasola kazetari irundarraren `Moskuko urrea` liburukotea ari naiz
irakurtzen, azken urte luzeotan ondutakoa. Agian norbaiti ezaguna egingo
zaio; 1980eko hamarkadan egon omen zen mugimendu bat, berehala Rock
Radical Vasco etiketapean harat eta honat saltzen ibili zirena.
Tira,
liburua excusatio non petita batekin hasten da. «Zer ez den liburu
hau», ohartarazten digu autoreak. Eta zer ez da? Bada, «ez da nostalgia
edo oroiminez blaitutako testigantzen bilduma». Domaia, handik bi
orrialdera accusatio manifesta irakurri beharra: «Ekintza zuzenaren,
inkonformismoaren, matxinadaren, eta irudimenaren nahiz sormenaren garai
haietatik badugu zer ikasia».
Kaixo,
Beñat. Banuen aspalditxo zure zutabearen berri, baina gaur arte ez
dut zure iritzi artikulu honen
berririk izan; kasualitatez edo errebotez iritsi naiz, Interneten maiz
gertatzen denez. Kritika eskertzen dizut, baina zure esaldi batzuei
puntualizazio eta azalpen batzuk egin beharra dagoela uste dut, zure
bigarren paragrafotik hasita.
Excusatio non petita,
accusatio manifesta latinezko esaera zaharra darabilzu –gustuko dudan
esaera, bidenabar-, baina iduritzen zait hitzaurreko halako kontraesan
bat salatu nahi duzula, nire idurikotz esistitzen ez dena. Izan ere,
esaten dudanean liburua ez dela nostalgia edo oroiminez blaitutako testigantzen
bilduma, liburuko elkarrizketatuek beraiek
adierazitakoa laburbiltzen dut, baita nire iduripena adierazi ere. Eta
zuk accusatio manifesta-tzat jotzen duzuna («Ekintza zuzenaren,
inkonformismoaren, matxinadaren, eta irudimenaren nahiz
sormenaren garai haietatik badugu zer ikasia») nire ustez ez da hala.
Liburuan nostalgia kutsurik -behintzat kutsu konsziente eta argirik- ez
egotea bateragarria da garai jakin batetik ikasgaiak jasotzeko
aukerarekin, ez da kontraesankorra. Ikasi, beti dago
zer ikasi, lehengo nahiz oraingo garaietatik, beti badagoelako zer
aldatu eta zer hobetu.
Uste dut liburuan aski argi utzi dudala
–behintzat horretan saiatu naiz- ez direla garai haiek –ezta beste
edozein garai ere- mitifikatu behar, eta hain zuzen ere, liburua
egitearen helburuetako bat desmitifikazioa izan da, garai haiek hobeto
ezagutzeaz eta islatzeaz gain. Ez da nere asmoa izan geroagoko garaiak
eta geroagoko belaunaldiak eta hauen ekarpena gutxiestea, ezta hurrik
eman ere. 1983-1993ko protagonista eta lekuko
batzuei ahotsa ematen saiatu naiz, beren oroitzapenak eta iritziak
zuzenean jaso eta irakurleekin partekatzeko.
2011n
dokumental berria aurkeztu zuen Begoña Atutxak, Rock Radical Vasco: la
gran martxa de los 80 izenekoa. Joan ginen aurkezpenera, Bilboko
Alondegira, eta emanaldiaren ondoren Atutxa bera, Fermin Etxegoien
—gidoigilea—, eta Roberto Moso solasaldi ederrean. Eta hirurak,
autokonplazentziaz, zeinen beharrezkoa zen halako lan bat, garai hura ez
dadin ahanzturan erori. Niri geratu zitzaidan aho zaporea
bestelakoa izan zen: «Joe, hauek nahiago dute ikusi (eta erakutsi!) zer
izan ziren, edo zer uste duten izan zirela eta ez zer diren gaur egun,
zer ez duten lortu izatea».
Baliteke
zenbait kasutan autokonplazentzia egotea garai haiek zuzenean bizitu
zituztenen aldetik, baina Irunen
elkarrizketatu ditudanen artean behinik-behin ez dut halako jarrerarik
sumatu. Baliteke ere baten batek garai eta aktibitate haiek
gainbaloratzea, modu konszientean edota inkonszientean, baina nik nire
bilketa lanean nostalgiarik gabeko eta hankak lurrean dituzten
pertsonak aurkitu ditut Irunen. Beren garaian egindakoa –ondo, erdizka
nahiz gaizki- beren bizitzetako etapa baten moduan agertu dute Moskuko
urrea liburuko elkarrizketatuek, eta ez dute une haietara itzultzeko
inolako gogorik adierazi. Aitzitik, ondo ikusi
dute –neronek ere ikusi dudan moduan- garai hura, bere alde on eta
txarrekin ez ahazteko dokumentazio eta bilketa lanak egitea. Ondo
legoke ere erakustea «gaur egun zer diren eta zer ez duten lortu
izatea», bai; nik behintzat, Moskuko urrea-n ez diot horri
garrantzi eta tarte berezirik eman.
Baina
beno, txikikeriak alde batera utzita, beti dago ondo zure senideen
droga kontsumoaren gainean xehetasun gehiago jakitea. Morbo apur bat
ematen dio kontakizunari. Horrez gain, liburuko 82. orrialdera arte ez
nintzela konturatu Zikinbrillo oximoron bat zenik.
Halaxe
da, bai; hain zuzen ere zure aitak eta osabetako batek osatutako
ibilbide laburreko taldetxoaren izena
zen Zikinbrillo, eta zure osaba Ferminek liburuko elkarrizketan aipatzen
du izen konposatu horrek bere baitan dakarren halako oximoronak oso
gustuko izan dituela beti. Bien bitartean, droga kontsumoen gaineko
xehetasunak –morboa izan edo ez- protagonistek beraiek
ematen dituzte, garaiko testuinguruan kokatuta. Ez da morboak
bultzatutako kontua izan.
Txikikerietara
bueltatuta, nire aspaldiko susmoa baieztatzen ari da pixkanaka,
liburuan aurrera egin ahala. 1970-80ko eztanda
kultural-alternatibo-politiko-militantea
erabat minoritarioa zela, alegia. Ez gaur egun dagoen mugimendua bezain
txikia, baina gehiengo handiarentzat ikusezina zela orduan ere. Orduan
loratu ziren fanzine eta abarrak Euskal Herrian, baina beti izan ziren
gutxiengoak eginak, gutxiengoak kontsumituak.
Saltzen zaiguna, ordea, beste zerbait da; badirudi 1980eko hamarraldian
eraikin huts bat okupatzen ari ez zena fanzine berri bat sortzen ari
zela, edo irrati libre bateko programa batean esatari ez zebilena, bere
lehenengo heroina dosia ziztatzen ari zela.
«Saltzen
zaiguna, ordea…». Saltze kontuetan Moskuko urrea liburuaz ari bazara
behintzat, ez nago erabat ados
zuk diozunarekin. Beharbada orokorrean ari zara. Jakina kultura,
politika eta gizarte mugimenduen eztanda edo loraldia ez zela
gizartearen gehiengoan gertatu eta islatu, baina ez da egia «erabat»
minoritarioa zela. Argi dago soilik gizartearen eta gazteriaren
sektore bat ibili zela halako saltsatan murgildua edota haiek hurbiletik
segitzen, eta dinamismoa, ekintzak, sorkuntza… eta halakoak ez zirela
gizartean nagusi. Ez zen egoera ideala eta ez zuten gazte eta heldu
guziek parte hartzen, noski, bestela beste kuku
batek joko zigukeen. Liburuan, 1980ko hamarkada hasieratik 1990eko
hamarkada erdialdera arte modu dinamikoan hainbat alorretan parte hartu
zutenen esperientziak bildu nahi izan ditut. Bakoitzaren parte-hartze
edota aktibitate maila ezberdina izan zen, eta zer
kontatua izango zutelakoan andana bat pertsona aukeratu
nituen, nork bere testigantza eta balorazioa eman zezan. Ezin lekukotza interesgarri
guziak bildu, arrazoi praktikoengatik: denbora eta leku falta, hitz
egiteko borondatea, presentzia fisikoa –batzuk zoritxarrez
dagoeneko hilda-, irisgarritasuna…
Seguraski istorio eta anekdota eder
nahiz garratz franko gelditu dira liburutik kanpo; autorearen mugak ere
hor daude. Bestalde, orduko gizarteko beste sektoreen iritziak ez ditut
bildu, ez zirelako horiek liburuaren helburuetan
sartzen. Mosku auzunean eta baita handik kanpo, Irungo beste eremu
batzuetan ere (Moskurekin harremana izan edo ez) egosten ziren saltsak
izan ditut aztergai. Eta uste dut –eta hori izan da nere asmoa, bederen-
liburuan orduko kontraesanak, mugak, gabeziak,
frustrazioak, arazoak, akatsak… ederki islatzen direla, ez baitzen oro
urre. Argilunak, alde positibo nahiz negatiboak, islatzen ahalegindu
naiz, ahalik eta panorama eta testuingururik osatuenean.
Beharbada
ez nik ez liburuko elkarrizketatuek ez dugu espresuki eta hitzez hitz
nabarmendu zuk, Beñat, oro
har kritikatzen duzuna, alegia, ez zela egia «1980eko hamarraldian
eraikin huts bat okupatzen ari ez zena fanzine berri bat sortzen ari
zela, edo irrati libre bateko programa batean esatari ez zebilena, bere
lehenengo heroina dosia ziztatzen ari zela». Baina
uste eta espero dut liburua osorik irakurtzen duenak hori erraz
antzemango duela eta gauzak bere neurrian eta testuinguruan jartzeko
balioko diola.
Gehienak
errentetatik bizi direla? Uf, hori asko esatea da, kontuan hartuta zer
uste duten egin zutela belaunaldi hartakoek. Zorionez, ez dut
uste egungo gaztetxoentzat inolako erreferente denik RRV mugimendua. Ez
die aurrera egitea eragotziko, ez dute guk eraman behar izan dugun zama
gainean izango. Hori bai, hasi beharko dugu beste dokumental bat egitea
pentsatzen, ez ahal dira Evaristo eta enparauak
azkenean ahanzturan eroriko.
Garai
hura –eta liburua bera ere- ez ziren soilik RRV mugimenduari lotuak
egon, zorionez. Ezin naiz oraingo
gaztetxoen lekuan jarri eta oso zehatz jakin haientzat Rock Radical
Vasco delakoa zer-nolako erreferentzia den. Dakidana da sare sozialetan
gaztetxo zenbaitengan izan badela erreferentzia, baina badakit zale
horiek ez direla inondik ere gaurko gaztetxoen
gehiengoa.
Ados nago esaten duzunean ez diela aurrera egitea eragotziko
eta ez dutela zure belaunaldikoengan (1980ko hamarkada erditsu-bukaeran
jaiotakoak) eroritako zama karriatu beharrik izango. Zure azken
esaldiaren ironiak ironia, uste dut ondo legokeela
garai eta mugimendu nahiz bakarkako ekimen interesgarriak –norentzat eta
horrela- dokumentatzea. Gero, norberak ikusiko du besteen lanak
irakurri, entzun edota ikusi nahi dituen; Moskuko ‘urrea’ –jendea-
zenbateraino herdoilduko den (berez pertsona oro herdoiltzen
gara, bizitzak eta gure jarrerak herdoiltzen gaituzte hein batean zein
bestean) eta horri mitifikazioaren edo desmitifikazioaren filtroak
jarrita begiratuko zaion.
Segi pixkor.
Juanma Sarasola Murgia, ‘Xaun’
Beñat Muguruzaren artikulua: (han ezin erantzun)
http://oarsobidasoa.hitza.eus/2015/11/17/irun-moskuko-herdoila/
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina