Muguruza gaztetatik interesatu eta blaitu da musika beltzaren doinuetan eta erritmoetan, eta bere musika ibilbidean ederki islatu da eragin hori, bere zabalean. Oraingoan New Orleanseko tradizioko eragin askotariko erritmo, soinu eta instrumentuez baliatu da bere mezuak eta dantzarako gogoa barreiatzeko. Lan bikaina. ‘When The Saints Go Marching In’ gospel kantua ez zegokeen lekuz kanpo, Muguruzaren martxa alai horretan
Azken urteetan ohikoa
duen moduan, eta bere harreman sare zabalari esker, Euskal Herritik eta
Europatik kanpoko musikariekin lan egin du oraingoan ere Fermin Muguruzak; kasu honetan
New Orleanseko bertako artistekin. 10
kantuz osatutako ‘Irun Meets New Orleans’ diskoa eta ‘Nola?’
izenburuko dokumentala plazaratu berri ditu, Lousianako hiriburuaren berreraikuntza eta hango
komunitatearen adorea eta bizimodua –musikari oso lotua- azaltzen
dituena. Bere ibilbide luzeko zortzi pieza
aukeratu, eta à la New Orleans moldatu eta
eskaini ditu, AEBetako musika beltzaren klasiko baten eta kantu berriago baten egokitzapenak ere
erantsita. Lana hantxe bertan atondu eta grabatu du, bertako bi talderen
laguntzarekin, Jonathan Freilich ekoizle, moldatzaile, eta musikariaren
gidaritzapean. Promozio
orriari jarraiki, bi talde eratu zituzten: alde batetik, brass band bat,
eta, bestetik, rhythm’n’blueseko beste talde bat, azken hau «malguagoa,
ska eta punk sentimendua eta neworleanstar soinua batera zitzakeena».
Hauexek dira Muguruzaren ibilbidetik egokitutako zortzi abestiak, diskoan agertzen diren hurrenkeran: ‘Kolore bizia’, ‘Etxerat!’, ‘In-komunikazioa’, ‘Zugarramurdin akelarrea’, ‘Dub Manifest’,
‘After Boltxebike’, ‘Gora herria’, eta ‘Black Is Beltza’. Horiei musika beltzeko bi kantu gehitu dizkiete, moldatuta biak ala biak ere: ‘Mess Around’ eta ‘When I die’.
‘Mess around’,
nahas-mahasean
-
-mahasean
Kortaturen, Negu Gorriaken eta soul nahiz rhythm’n’bluesaren klasikoen eta Fermin Muguruzaren bakarkako ibilbideko hainbat kanturen egokitzapena, à la New Orleans, Louisianako hiriburuan eta hango musikariekin grabatua. Jazz, rhythm’n’blues, zyadeco… doinuak dira nagusi, Muguruzaren ibilbideko rock, punk-rock eta ska erritmoak leunduta eta ‘Mardi Gras’ inauteri kutsuz zipriztinduta.
Ray
Charlesengandik gehienbat ezagutzen dugun ‘Mess around’ kantua bikain
ekarri dute diskora, hala jatorrizko hizkuntzan –ingelesa- nola euskaraz
kantatua, Erica Fallsek eta Muguruzak, hurrenez hurren. New Orleans
oso ezaguna da bere inauteriengatik, eta kantu hau ezinhobea da festa giro horrekin kutsatzeko.
‘When I die’, heriotzaren ospakizuna lau haizeetara zabaltzen dituen kantua, Erica Fallsek eta Muguruzak eskuz esku kantatua dugu. Kermit Ruffinsek 2002an argitaratutako kantua New Orleansen estiloan eta espirituan
ederki egindako egokitzapen moduan eskaini digute orain Muguruzak eta lagunek.
‘Katrina’ urakanak 2005ean eragindako hondamendia –eraikitako azpiegitura kaskarrek eta agintarien utzikeriak eta arrazakeriak okerragotuta- latza izan zen bertakoentzat, baina komunitate elkartasunak eta auzolanak hiriko auzo txiro eta langileen berreraikuntza ahalbidetu zituzten –agintariak lotsagarri utzita-, eta komunitate sen horrek batez ere aurrera segitzeko kemena eta gogoa bizirik atxiki ditu. New Orleanseko kontuak bere jaioterri eta bizilekuarekin uztartzen ditu Muguruzak, eta Irungo Mosku auzune herrikoian festarako gonbitea egiten du. Nolanahi ere, aurten hildako Amaia Apaolaza bere manager eta adiskidea omendu nahi izan du Muguruzak kantuarekin.
‘Gora Herria’ kantuan deigarria da trikitiaren
lekuan Louisianako instrumentu tipiko bat aurkitzen dugula: zyadeco
akordeoia, bere sonoritate bereziarekin.
‘Black is Beltza’ kantua izen bereko eleberri grafikoa egin zuen unekoa dugu, Iruñeko erraldoietako batzuk –beltzak- New Yorkeko kaleetan ezin ibili arrazakeriak kutsatutako erabaki batek baztertuta utzi zitueneko gorabeherak kontatzen dituena.
Kolore bizi-apalak
Kantuen
aukeraketari dagokionez –gustu kontua, jakina-, ‘Kolore biziak’ kantuan ez da
besteetan bezainbeste sumatzen jatorrizkotik egokitzapenerako aldea. Kantuaren
hitzengatik oso egokia da, arrazakeriaren salaketa eta kultura
ezberdinen aberastasunaren promozioa egiten baitu, baina haize eta
erritmo sekzioetan ukitu berria ez da hainbeste nabaritzen, jatorrizkoa berez bazelako arrunt jai girokoa. ‘Etxerat’ kantuan
antzera gertatzen da haize sekzioarekin, baina kasu honetan
–nere ustez- egokiago gelditu da bertsioa. Indar gehiagorekin egiten du
distira Redskins taldearen kantu haren zatitxoaren txertatzea,
Kortaturen jatorrizko kantuaren nahiz oraingo bertsioaren leloan haize
sekzioa nabarmentzen den unea, alegia.
‘Dub
Manifest’ kantuak jatorriz ‘komertzialegia’ eta xaloegia zeukan leloa
(“Dub manifest, yeah-yeah-yeah”), eta disko honetan ere ez da gustuen
dudan kantua, hitzak mezu sendoa badakar ere.
Alex de
la Iglesiaren ‘Las Brujas de Zugarramurdi’ filmerako egin zuen kantua
ere berreskuratu eta berregokitu du irundarrak ‘Irun Meets New Orleans’ diskorako,
gainera, kantuaren erdialdean-edo New Orleanseko musikariei
‘barra librea’ emanez, tarte zabal batean.
Beltz taupadak
zainetan
zainetan
Muguruza
gaztetatik interesatu eta blaitu da musika beltzaren doinuetan eta
erritmoetan, eta bere musika ibilbidean ederki islatu da eragin hori,
bere zabalean. Izan
reggaea eta ska (adibidez, Toots and the Maytalsen ‘Chatty Chatty’
reggae kantua Kortatuk ‘Sarri sarri’ ska kantu bilakatu zuenean edota
Kortaturen ‘En la línea del frente’ reggae erritmoz bertsionatu zuenean
urte batzuk geroago, ‘Euskal Herria-Jamaica Clash’
bere diskorako), izan soula edo rhythm’n’bluesa (Sam Cooken ‘All of my
life’-ren hasiera sanpleatu –NWAk egin bezala- eta Negu Gorriaken ‘Nire
bizitza osoa’ kantuan txertatu zuen, James Brownen ‘Say it out loud, I’m
Black and I’m proud’ leloa NGren ‘Esan Ozenki’
rap kantuan), izan rapa, izan reggaearen hainbat deribatu (nik oso
gustuko ez ditudan dub-a, dance hall-a, raggamuffin’-a…).
Oraingoan New
Orleanseko tradizioko eragin askotariko (afrikar, frantses-‘cajun’…)
erritmo, soinu eta instrumentuez baliatu da bere
mezuak eta dantzarako gogoa barreiatzeko. Lan bikaina. ‘When The
Saints Go Marching In’ gospel kantua ez zegokeen lekuz kanpo,
Muguruzaren martxa alai horretan.
Zerekin etorriko zaigu hurrengoan?
Ondo legoke –proposamen gisa balio beza- rhythm’n’blues erritmoetan
gehiago eta nabarmenago barneratuko balitz, baita erritmo funkyetara eta
swing nahiz be-bop ikutuetara lerratuko balitz.
Juanma Sarasola
2015eko abenduan