Letra baten atzetik: ‘AITORMENA’
(2008ko udazkenean Berria egunkariko Matraka gehigarrian argitaratua)
Bekatu gabeko aitortza?
HERTZAINAK TALDEAREN BALADAK
ZALE ASKO URRUNDU
ETA BERRIAK ERAKARRI ZITUEN,
BAITA AZKEN ETAPA IRAGARRI ERE
ZALE ASKO URRUNDU
ETA BERRIAK ERAKARRI ZITUEN,
BAITA AZKEN ETAPA IRAGARRI ERE
Juanma Sarasola
Banaketaren tenorea iragartzen ari zen Hertzainak taldea 1989an,
Aitormena kantua izen bereko maxi singlean plazaratu zuenean. Baina
zeinen banaketa?
Baliteke kantu hori gutxira beste bertsio batean grabatu izan ez balute
horrenbesteko zeresana ez eragitea. Amets prefabrikatuak (1990) diskoan
soka laukote batekin grabatu, eta balada ukitua eman zioten
Aitormena-ri. Horrek hautsak harrotu zituen. Betiko zale askok
biguntzen ari zela leporatu zioten taldeari, baina, aldi berean, ordu
arte taldea apenas ezagutzen zuen jende ugari erakarri zuen.
Batzuentzat akabera izan zena beste batzuentzat hasiera izan zen. Dena
den, taldeari bizi laburra geratzen zitzaion.
Udaberri berririk ez
guretzat... Haatik, beste hiru udaberri biziko zituen, pixkanaka
itzaliz, 1993an Donostiako Anoeta kiroldegian aio esan zuen arte.
Handik urte batzutara taldeko sortzaile, akordeoijole eta baxujole Josu
Zabalak Entzun aldizkarian honela laburbildu zuen Hertzainaken
ibilera: "Lagun arteko jolas modura hasten bada ere, berehala abentura
handia bihurtuko da guretzako, eskola utzi eta hemen musikari
profesionala izatea zer den esploratuz eta sofrituz. Lagun, barre, eta
zorion asko, baina baita ere negar eta miseria batzuk. Nahi genuen
geltokiraino iritsi gabe, bukatzen den esperientzia handi bat izan zena
niretzako".
Azken geltokiaren gertutasuna sumatuz-edo Zabalak konposatutako
kantuari ahotsa jarri zion Iñaki Garitaonandia Gari kantariak. Abestiak
euskal rockean zer ondorio eragin zuen ederki azaldu zuen Elena Lopez
Agirrek: "RRV Euskal Rock Erradikala Hertzainakek Aitormena argitaratu
zuenean bukatu zen". Hertzainakek maiz taulakide izan zuen Potato
taldeko kide ohi eta kazetaria da Lopez Agirre, Del Txistu a la
Telecaster eta Hertzainak, la confesion radical liburuen egilea.
Kirmen Uribe idazleak kantuak zirrara iradokitzen diola azaltzen du Aho
Bete Kanta weborrian: "Hertzainakek ez zuen bide erraza aukeratu. Bere
amaiera ukitzen duen kantua. Kantu ausarta. Aurreritzi eta tontakeria
barik. Mingarria eta askatzailea aldi berean. Batzuek diote Aitormena-k
ez diola bikoteari berari erreferentzia egiten, baizik eta taldeari.
Niri berdin dit, zeren eta amodio kantua balitz bezala sentitzen dut,
eta berriz entzuten dudan aldiro betiko inurritzea eragiten dit".
Alabaina, ezin da ukatu drogek -legez kanpokoez ari gara- eragin handia
izan zutela taldekideengan. Garik, esaterako, arazoak izan zituen.
Taldeak drogak izan zituen ardatz Drogas AEKn edota Set Drugs Free
(Drogak Askatu) kantuetan.
Garik bera taldean sartu zeneko garaia gogoan zuela, drogaren erabilera
azaltzen zuen duela urte batzuk Diario Vasco-ren Devorame gehigarrian: "18 urterekin, eta denak ni baino 10 urte nagusiago, ba zera, speed-a
goraino eta aurrera! Hor bilakaera handia nabaritzen dut, orain ezin
ditut disko horiek entzun, ez nintzen ni".
Baina droga bati nola esan dakioke gezurrik? Bai, zin dagizut ez
dizudala inoiz gezurrik esan... kantatzen zuten, gezurrak esan izana
ukatuz. Letraren hartzailea taldea bera balitz,ordea, zer-nolako
gezurra ukatu nahi zuten orduan?
Kontuak kontu, Aitormena taldearen diosala jakinarazteko idatzi zuen
Zabalak. Berak Entzun aldizkarian 2001eko abenduan azaldu zuen agurra
grabatu arren, agur hori luzatu egin zela: "Ez genuen komertzial izan
nahi. Gure nahien kontra bilakatu ginen komertzial. Egiten duzun musika
noiz den komertziala eta noiz ez ikasten duzunean jada ez zara gazte,
beteranoa baizik. Eta, gainera, esan beharra dago gazteek maitatuak
izateko jotzen dutela. Guk hori ukatu egiten genuen hasieran,
publikoaren kontra egiten genuelakoan, ez genion errespeturik bere
iritziari. Publikoa onartzen hasten zarenean, aitortu egin behar duzu
hori. Aitormena kantuak izan behar zuen gure azkena, geure testamentua.
Gertatu zen beste hiru bat urtez iraun genuela hein handi batean kanta
horren erruz edo kanta horri esker. Paradoxa horrek despistaturik eduki
ninduen; neure eskela sinatu eta gero taldean jarraitzea, alegia".
Belaunaldi berria
Aitormena-k taldearen zaleen ezaugarri eta itxuran zer-nolako aldaketa
eragin zuen bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen kantua ezagun
egin eta gutxira, 1991ko maiatzaren 9an. Bilboko La Casillan euskararen
alde eginiko kontzertuan. Mikel Laboa; Kepa Junkera eta Imanol;
Oskorri, Ruper Ordorika (Juan Carlos Perezekin); Jon Lopategi; eta
Hertzainak aritu ziren.
Honatx Hertzainaken zaleen inguruko pasadizoa:
Lehen lerroan gaude, oholtza aurreko hesietan apoiatuta. Ruper bere
azken kantuak aletzen ari da. Tarteka atzera eta aldamenetara
begiratzen dugu, jendea, giroa... ikusteko. Deus ezohikorik ez, mota
guztietako ikusleak, gazte zein helduak (hauek atzerago): denetariko
kamisetak, alkandorak, jertse eta jakak gerrian lotuta, ile luze eta
motzak... Inguruan ditugunon batez besteko adina: 20 urte.
Ruperrengana doa berriz gure arreta osoa. Bere azken kantua jotakoan
adio esan du, eta handik gutxira hasi dira Hertzainak taldeko kideak
oholtzaratzen...
Iiiiiiiiiiiiiihhhhhhh iiiiihhhhhh...
Gari dotore atera da, bonbin kapela beltz ttiki batekin. Goiko botoiak
askatuta dituen kamiseta urdin ilun batekin...
Iiiiiiiiiiiiiiihhhhhhhhhhhh...
Gretsch markako gitar zuri handiari doinuak ateratzen hasi zaizkio,
taldekideak nor bere lana egiten hasi direlarik...
Iiiiiiiiiiiiiiiiihh... Gariii! Gariiiiiiiii!
Eneee! Jiratu eta orrazkera berdin-berdina duten 15-16 urteko neskatxa
mordoa Gariri garrasika, lerdea jariatzetik oso hurbil, garai bateko
neskatilak The Beatlesen kontzertuetan nola.
Hara! Kasko moduko flekilloa aurretik eta adats luzeak atzetik dituzten oilanda histeriko hauek izan dira gure belarriak zulatu dituztenak! Behialako gandorrik eta kaskamotzik ez orain.
Atzean genituen ikusle zaharxeagoak ordezkatu dituzte Gariren jarraitzaile gaztetxo hauek... Taldearen azken etapa zela jakingo al zuten orduan, Bilboko kontzertu hartan?
Hara! Kasko moduko flekilloa aurretik eta adats luzeak atzetik dituzten oilanda histeriko hauek izan dira gure belarriak zulatu dituztenak! Behialako gandorrik eta kaskamotzik ez orain.
Atzean genituen ikusle zaharxeagoak ordezkatu dituzte Gariren jarraitzaile gaztetxo hauek... Taldearen azken etapa zela jakingo al zuten orduan, Bilboko kontzertu hartan?
******************** FITXA: JAKIN BEHARREKOAK
Izena: Aitormena. Egilea: Josu Zabala. Nork grabatua: Hertzainak. Diskoa: Aitormena (maxi-singlea, 1989), rock bertsioan, eta Amets prefabrikatuak (1990, Oihuka), soka laukote batekin, balada bertsioan. Bertsioak: LOR, Enblanco (Logroñokoak), Jone...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina