2015(e)ko abenduaren 23(a), asteazkena

Mosku herdoiltzen ari ote?

Mosku herdoiltzen ari ote?

(Beñat Muguruzaren `Moskuko herdoila` iritzi artikuluari erantzunez.
N
N
N
N
Ene erantzunak gorriz tartekatuta)


Juanma Sarasola kazetari irundarraren `Moskuko urrea` liburukotea ari naiz irakurtzen, azken urte luzeotan ondutakoa. Agian norbaiti ezaguna egingo zaio; 1980eko hamarkadan egon omen zen mugimendu bat, berehala Rock Radical Vasco etiketapean harat eta honat saltzen ibili zirena.
Tira, liburua excusatio non petita batekin hasten da. «Zer ez den liburu hau», ohartarazten digu autoreak. Eta zer ez da? Bada, «ez da nostalgia edo oroiminez blaitutako testigantzen bilduma». Domaia, handik bi orrialdera accusatio manifesta irakurri beharra: «Ekintza zuzenaren, inkonformismoaren, matxinadaren, eta irudimenaren nahiz sormenaren garai haietatik badugu zer ikasia».

Kaixo, Beñat. Banuen aspalditxo zure zutabearen berri, baina gaur arte ez dut zure iritzi artikulu honen berririk izan; kasualitatez edo errebotez iritsi naiz, Interneten maiz gertatzen denez. Kritika eskertzen dizut, baina zure esaldi batzuei puntualizazio eta azalpen batzuk egin beharra dagoela uste dut, zure bigarren paragrafotik hasita.
Excusatio non petita, accusatio manifesta latinezko esaera zaharra darabilzu –gustuko dudan esaera, bidenabar-, baina iduritzen zait hitzaurreko halako kontraesan bat salatu nahi duzula, nire idurikotz esistitzen ez dena. Izan ere, esaten dudanean liburua ez dela nostalgia edo oroiminez blaitutako testigantzen bilduma, liburuko elkarrizketatuek beraiek adierazitakoa laburbiltzen dut, baita nire iduripena adierazi ere. Eta zuk accusatio manifesta-tzat jotzen duzuna («Ekintza zuzenaren, inkonformismoaren, matxinadaren, eta irudimenaren nahiz sormenaren garai haietatik badugu zer ikasia») nire ustez ez da hala. Liburuan nostalgia kutsurik -behintzat kutsu konsziente eta argirik- ez egotea bateragarria da garai jakin batetik ikasgaiak jasotzeko aukerarekin, ez da kontraesankorra. Ikasi, beti dago zer ikasi, lehengo nahiz oraingo garaietatik, beti badagoelako zer aldatu eta zer hobetu

Uste dut liburuan aski argi utzi dudala –behintzat horretan saiatu naiz- ez direla garai haiek –ezta beste edozein garai ere- mitifikatu behar, eta hain zuzen ere, liburua egitearen helburuetako bat desmitifikazioa izan da, garai haiek hobeto ezagutzeaz eta islatzeaz gain. Ez da nere asmoa izan geroagoko garaiak eta geroagoko belaunaldiak eta hauen ekarpena gutxiestea, ezta hurrik eman ere. 1983-1993ko protagonista eta lekuko batzuei ahotsa ematen saiatu naiz, beren oroitzapenak eta iritziak zuzenean jaso eta irakurleekin partekatzeko. 

2011n dokumental berria aurkeztu zuen Begoña Atutxak, Rock Radical Vasco: la gran martxa de los 80 izenekoa. Joan ginen aurkezpenera, Bilboko Alondegira, eta emanaldiaren ondoren Atutxa bera, Fermin Etxegoien —gidoigilea—, eta Roberto Moso solasaldi ederrean. Eta hirurak, autokonplazentziaz, zeinen beharrezkoa zen halako lan bat, garai hura ez dadin ahanzturan erori. Niri geratu zitzaidan aho zaporea bestelakoa izan zen: «Joe, hauek nahiago dute ikusi (eta erakutsi!) zer izan ziren, edo zer uste duten izan zirela eta ez zer diren gaur egun, zer ez duten lortu izatea».

Baliteke zenbait kasutan autokonplazentzia egotea garai haiek zuzenean bizitu zituztenen aldetik, baina Irunen elkarrizketatu ditudanen artean behinik-behin ez dut halako jarrerarik sumatu. Baliteke ere baten batek garai eta aktibitate haiek gainbaloratzea, modu konszientean edota inkonszientean, baina nik nire bilketa lanean nostalgiarik gabeko eta hankak lurrean dituzten pertsonak aurkitu ditut Irunen. Beren garaian egindakoa –ondo, erdizka nahiz gaizki- beren bizitzetako etapa baten moduan agertu dute Moskuko urrea liburuko elkarrizketatuek, eta ez dute une haietara itzultzeko inolako gogorik adierazi. Aitzitik, ondo ikusi dute –neronek ere ikusi dudan moduan- garai hura, bere alde on eta txarrekin ez ahazteko dokumentazio eta bilketa lanak egitea. Ondo legoke ere erakustea «gaur egun zer diren eta zer ez duten lortu izatea», bai; nik behintzat, Moskuko urrea-n ez diot horri garrantzi eta tarte berezirik eman. 

Baina beno, txikikeriak alde batera utzita, beti dago ondo zure senideen droga kontsumoaren gainean xehetasun gehiago jakitea. Morbo apur bat ematen dio kontakizunari. Horrez gain, liburuko 82. orrialdera arte ez nintzela konturatu Zikinbrillo oximoron bat zenik.

Halaxe da, bai; hain zuzen ere zure aitak eta osabetako batek osatutako ibilbide laburreko taldetxoaren izena zen Zikinbrillo, eta zure osaba Ferminek liburuko elkarrizketan aipatzen du izen konposatu horrek bere baitan dakarren halako oximoronak oso gustuko izan dituela beti. Bien bitartean, droga kontsumoen gaineko xehetasunak –morboa izan edo ez- protagonistek beraiek ematen dituzte, garaiko testuinguruan kokatuta. Ez da morboak bultzatutako kontua izan. 

Txikikerietara bueltatuta, nire aspaldiko susmoa baieztatzen ari da pixkanaka, liburuan aurrera egin ahala. 1970-80ko eztanda kultural-alternatibo-politiko-militantea erabat minoritarioa zela, alegia. Ez gaur egun dagoen mugimendua bezain txikia, baina gehiengo handiarentzat ikusezina zela orduan ere. Orduan loratu ziren fanzine eta abarrak Euskal Herrian, baina beti izan ziren gutxiengoak eginak, gutxiengoak kontsumituak. Saltzen zaiguna, ordea, beste zerbait da; badirudi 1980eko hamarraldian eraikin huts bat okupatzen ari ez zena fanzine berri bat sortzen ari zela, edo irrati libre bateko programa batean esatari ez zebilena, bere lehenengo heroina dosia ziztatzen ari zela.

«Saltzen zaiguna, ordea…». Saltze kontuetan Moskuko urrea liburuaz ari bazara behintzat, ez nago erabat ados zuk diozunarekin. Beharbada orokorrean ari zara. Jakina kultura, politika eta gizarte mugimenduen eztanda edo loraldia ez zela gizartearen gehiengoan gertatu eta islatu, baina ez da egia «erabat» minoritarioa zela. Argi dago soilik gizartearen eta gazteriaren sektore bat ibili zela halako saltsatan murgildua edota haiek hurbiletik segitzen, eta dinamismoa, ekintzak, sorkuntza… eta halakoak ez zirela gizartean nagusi. Ez zen egoera ideala eta ez zuten gazte eta heldu guziek parte hartzen, noski, bestela beste kuku batek joko zigukeen. Liburuan, 1980ko hamarkada hasieratik 1990eko hamarkada erdialdera arte modu dinamikoan hainbat alorretan parte hartu zutenen esperientziak bildu nahi izan ditut. Bakoitzaren parte-hartze edota aktibitate maila ezberdina izan zen, eta zer kontatua izango zutelakoan andana bat pertsona aukeratu nituen, nork bere testigantza eta balorazioa eman zezan. Ezin lekukotza interesgarri guziak bildu, arrazoi praktikoengatik: denbora eta leku falta, hitz egiteko borondatea, presentzia fisikoa –batzuk zoritxarrez dagoeneko hilda-, irisgarritasuna… 

Seguraski istorio eta anekdota eder nahiz garratz franko gelditu dira liburutik kanpo; autorearen mugak ere hor daude. Bestalde, orduko gizarteko beste sektoreen iritziak ez ditut bildu, ez zirelako horiek liburuaren helburuetan sartzen. Mosku auzunean eta baita handik kanpo, Irungo beste eremu batzuetan ere (Moskurekin harremana izan edo ez) egosten ziren saltsak izan ditut aztergai. Eta uste dut –eta hori izan da nere asmoa, bederen- liburuan orduko kontraesanak, mugak, gabeziak, frustrazioak, arazoak, akatsak… ederki islatzen direla, ez baitzen oro urre. Argilunak, alde positibo nahiz negatiboak, islatzen ahalegindu naiz, ahalik eta panorama eta testuingururik osatuenean. 
  Beharbada ez nik ez liburuko elkarrizketatuek ez dugu espresuki eta hitzez hitz nabarmendu zuk, Beñat, oro har kritikatzen duzuna, alegia, ez zela egia «1980eko hamarraldian eraikin huts bat okupatzen ari ez zena fanzine berri bat sortzen ari zela, edo irrati libre bateko programa batean esatari ez zebilena, bere lehenengo heroina dosia ziztatzen ari zela». Baina uste eta espero dut liburua osorik irakurtzen duenak hori erraz antzemango duela eta gauzak bere neurrian eta testuinguruan jartzeko balioko diola. 

Gehienak errentetatik bizi direla? Uf, hori asko esatea da, kontuan hartuta zer uste duten egin zutela belaunaldi hartakoek. Zorionez, ez dut uste egungo gaztetxoentzat inolako erreferente denik RRV mugimendua. Ez die aurrera egitea eragotziko, ez dute guk eraman behar izan dugun zama gainean izango. Hori bai, hasi beharko dugu beste dokumental bat egitea pentsatzen, ez ahal dira Evaristo eta enparauak azkenean ahanzturan eroriko.

Garai hura –eta liburua bera ere- ez ziren soilik RRV mugimenduari lotuak egon, zorionez. Ezin naiz oraingo gaztetxoen lekuan jarri eta oso zehatz jakin haientzat Rock Radical Vasco delakoa zer-nolako erreferentzia den. Dakidana da sare sozialetan gaztetxo zenbaitengan izan badela erreferentzia, baina badakit zale horiek ez direla inondik ere gaurko gaztetxoen gehiengoa. 
Ados nago esaten duzunean ez diela aurrera egitea eragotziko eta ez dutela zure belaunaldikoengan (1980ko hamarkada erditsu-bukaeran jaiotakoak) eroritako zama karriatu beharrik izango. Zure azken esaldiaren ironiak ironia, uste dut ondo legokeela garai eta mugimendu nahiz bakarkako ekimen interesgarriak –norentzat eta horrela- dokumentatzea. Gero, norberak ikusiko du besteen lanak irakurri, entzun edota ikusi nahi dituen; Moskuko ‘urrea’ –jendea- zenbateraino herdoilduko den (berez pertsona oro herdoiltzen gara, bizitzak eta gure jarrerak herdoiltzen gaituzte hein batean zein bestean) eta horri mitifikazioaren edo desmitifikazioaren filtroak jarrita begiratuko zaion.


Segi pixkor.

Juanma Sarasola Murgia, ‘Xaun’


Beñat Muguruzaren artikulua: (han ezin erantzun)
http://oarsobidasoa.hitza.eus/2015/11/17/irun-moskuko-herdoila/

2012(e)ko abuztuaren 9(a), osteguna

Bekatu gabeko aitortza? (Hertzainak-en 'Aitormena' kantuaren atzean...)


Letra baten atzetik: ‘AITORMENA’

(2008ko udazkenean Berria egunkariko Matraka gehigarrian argitaratua)



Bekatu gabeko aitortza?  


HERTZAINAK TALDEAREN BALADAK
ZALE
ASKO URRUNDU
ETA
BERRIAK ERAKARRI ZITUEN,
BAITA AZKEN ETAPA IRAGARRI ERE

Juanma Sarasola 

Banaketaren tenorea iragartzen ari zen Hertzainak taldea 1989an, Aitormena kantua izen bereko maxi singlean plazaratu zuenean. Baina zeinen banaketa? Baliteke kantu hori gutxira beste bertsio batean grabatu izan ez balute horrenbesteko zeresana ez eragitea. Amets prefabrikatuak (1990) diskoan soka laukote batekin grabatu, eta balada ukitua eman zioten Aitormena-ri. Horrek hautsak harrotu zituen. Betiko zale askok biguntzen ari zela leporatu zioten taldeari, baina, aldi berean, ordu arte taldea apenas ezagutzen zuen jende ugari erakarri zuen. Batzuentzat akabera izan zena beste batzuentzat hasiera izan zen. Dena den, taldeari bizi laburra geratzen zitzaion.  

Udaberri berririk ez guretzat... Haatik, beste hiru udaberri biziko zituen, pixkanaka itzaliz, 1993an Donostiako Anoeta kiroldegian aio esan zuen arte. Handik urte batzutara taldeko sortzaile, akordeoijole eta baxujole Josu Zabalak Entzun aldizkarian honela laburbildu zuen Hertzainaken ibilera: "Lagun arteko jolas modura hasten bada ere, berehala abentura handia bihurtuko da guretzako, eskola utzi eta hemen musikari profesionala izatea zer den esploratuz eta sofrituz. Lagun, barre, eta zorion asko, baina baita ere negar eta miseria batzuk. Nahi genuen geltokiraino iritsi gabe, bukatzen den esperientzia handi bat izan zena niretzako".  
Azken geltokiaren gertutasuna sumatuz-edo Zabalak konposatutako kantuari ahotsa jarri zion Iñaki Garitaonandia Gari kantariak. Abestiak euskal rockean zer ondorio eragin zuen ederki azaldu zuen Elena Lopez Agirrek: "RRV Euskal Rock Erradikala Hertzainakek Aitormena argitaratu zuenean bukatu zen". Hertzainakek maiz taulakide izan zuen Potato taldeko kide ohi eta kazetaria da Lopez Agirre, Del Txistu a la Telecaster eta Hertzainak, la confesion radical liburuen egilea. Kirmen Uribe idazleak kantuak zirrara iradokitzen diola azaltzen du Aho Bete Kanta weborrian: "Hertzainakek ez zuen bide erraza aukeratu. Bere amaiera ukitzen duen kantua. Kantu ausarta. Aurreritzi eta tontakeria barik. Mingarria eta askatzailea aldi berean. Batzuek diote Aitormena-k ez diola bikoteari berari erreferentzia egiten, baizik eta taldeari. Niri berdin dit, zeren eta amodio kantua balitz bezala sentitzen dut, eta berriz entzuten dudan aldiro betiko inurritzea eragiten dit". 

Alabaina, ezin da ukatu drogek -legez kanpokoez ari gara- eragin handia izan zutela taldekideengan. Garik, esaterako, arazoak izan zituen. Taldeak drogak izan zituen ardatz Drogas AEKn edota Set Drugs Free (Drogak Askatu) kantuetan. Garik bera taldean sartu zeneko garaia gogoan zuela, drogaren erabilera azaltzen zuen duela urte batzuk Diario Vasco-ren Devorame gehigarrian: "18 urterekin, eta denak ni baino 10 urte nagusiago, ba zera, speed-a goraino eta aurrera! Hor bilakaera handia nabaritzen dut, orain ezin ditut disko horiek entzun, ez nintzen ni". Baina droga bati nola esan dakioke gezurrik? Bai, zin dagizut ez dizudala inoiz gezurrik esan... kantatzen zuten, gezurrak esan izana ukatuz. Letraren hartzailea taldea bera balitz,ordea, zer-nolako gezurra ukatu nahi zuten orduan? 

Kontuak kontu, Aitormena taldearen diosala jakinarazteko idatzi zuen Zabalak. Berak Entzun aldizkarian 2001eko abenduan azaldu zuen agurra grabatu arren, agur hori luzatu egin zela: "Ez genuen komertzial izan nahi. Gure nahien kontra bilakatu ginen komertzial. Egiten duzun musika noiz den komertziala eta noiz ez ikasten duzunean jada ez zara gazte, beteranoa baizik. Eta, gainera, esan beharra dago gazteek maitatuak izateko jotzen dutela. Guk hori ukatu egiten genuen hasieran, publikoaren kontra egiten genuelakoan, ez genion errespeturik bere iritziari. Publikoa onartzen hasten zarenean, aitortu egin behar duzu hori. Aitormena kantuak izan behar zuen gure azkena, geure testamentua. Gertatu zen beste hiru bat urtez iraun genuela hein handi batean kanta horren erruz edo kanta horri esker. Paradoxa horrek despistaturik eduki ninduen; neure eskela sinatu eta gero taldean jarraitzea, alegia". 

Belaunaldi berria

Aitormena-k taldearen zaleen ezaugarri eta itxuran zer-nolako aldaketa eragin zuen bertatik bertara ikusteko aukera izan genuen kantua ezagun egin eta gutxira, 1991ko maiatzaren 9an. Bilboko La Casillan euskararen alde eginiko kontzertuan. Mikel Laboa; Kepa Junkera eta Imanol; Oskorri, Ruper Ordorika (Juan Carlos Perezekin); Jon Lopategi; eta Hertzainak aritu ziren. 

Honatx Hertzainaken zaleen inguruko pasadizoa: Lehen lerroan gaude, oholtza aurreko hesietan apoiatuta. Ruper bere azken kantuak aletzen ari da. Tarteka atzera eta aldamenetara begiratzen dugu, jendea, giroa... ikusteko. Deus ezohikorik ez, mota guztietako ikusleak, gazte zein helduak (hauek atzerago): denetariko kamisetak, alkandorak, jertse eta jakak gerrian lotuta, ile luze eta motzak... Inguruan ditugunon batez besteko adina: 20 urte. Ruperrengana doa berriz gure arreta osoa. Bere azken kantua jotakoan adio esan du, eta handik gutxira hasi dira Hertzainak taldeko kideak oholtzaratzen... Iiiiiiiiiiiiiihhhhhhh iiiiihhhhhh... Gari dotore atera da, bonbin kapela beltz ttiki batekin. Goiko botoiak askatuta dituen kamiseta urdin ilun batekin... Iiiiiiiiiiiiiiihhhhhhhhhhhh... Gretsch markako gitar zuri handiari doinuak ateratzen hasi zaizkio, taldekideak nor bere lana egiten hasi direlarik... Iiiiiiiiiiiiiiiiihh... Gariii! Gariiiiiiiii! Eneee! Jiratu eta orrazkera berdin-berdina duten 15-16 urteko neskatxa mordoa Gariri garrasika, lerdea jariatzetik oso hurbil, garai bateko neskatilak The Beatlesen kontzertuetan nola.

Hara! Kasko moduko flekilloa aurretik eta adats luzeak atzetik dituzten oilanda histeriko hauek izan dira gure belarriak zulatu dituztenak! Behialako gandorrik eta kaskamotzik ez orain.

Atzean genituen ikusle zaharxeagoak ordezkatu dituzte Gariren jarraitzaile gaztetxo hauek... Taldearen azken etapa zela jakingo al zuten orduan, Bilboko kontzertu hartan? 


******************** FITXA: JAKIN BEHARREKOAK
Izena: Aitormena. Egilea: Josu Zabala. Nork grabatua: Hertzainak. Diskoa: Aitormena (maxi-singlea, 1989), rock bertsioan, eta Amets prefabrikatuak (1990, Oihuka), soka laukote batekin, balada bertsioan. Bertsioak: LOR, Enblanco (Logroñokoak), Jone...

2012(e)ko uztailaren 23(a), astelehena

PRUDENTXI ANTZIZAR itzali zaigu... 106 urte betetzeko atarian

"Izeba" Prudentxi (aitaren izeba) 106 urte betetzekoa zen uztailaren 26an, baina ixil-ixilik hil zitaigun uztailaren 9an. Doluminak eta animoak senide hurbilenekoei, beren senide honen partez. Hondarribiko Arrantzale Txoko jatetxea ere hutsago gelditu da.

2009an, 103 urte betetzera joaki zela, erreportaje hau argitaratu nuen 'Behe Bidasoako Hitza'-n, Antzizar-Arotzenatarren kasta gogorra eta iraupen luzekoa hizpide. Gerora blog honetara igo nuen:

http://xaun-enea.blogspot.com/2009/07/103-urte-eta-segi-aurrera.html
 
 

2012(e)ko ekainaren 14(a), osteguna

Bastidan izan nahi nuke... (Irun-Bastida connection)

BASTIDAN IZAN NAHI NUKE
(Irlandako ‘Back Home in Derry’-ren doinuarekin)

"Kristo" muinoaren magalean
lautada zabalean
Ebro ibaiaren ta Toloño
mendiaren artean…

Galsoro, olibondo eta mahasti
denetatik badu aski
Bastida xahar eder maitea
benetan ez dago gaizki!

(Leloa) O, o, o, o... Bastidan izan nahi nuke
o, o, o, o... Bastidan izan nahi nuke...

Ttiki-ttikitatik zugana bildu
zure deia ez da ixildu
zenbat une eder, zenbat oroitzapen…
zurekin naiz maitemindu!

"Castrijo" haitza, Larrazuria
San Gines, Santa Luzia
uda sargoritsuan freskagarri
izaten da, bai euria!

(Leloa) O, o, o, o... Bastidan izan nahi nuke
o, o, o, o... Bastidan izan nahi nuke...

Zurekin ametsak ditut Bastida
bihotza bor-bor ari da
aske sentitu naiz ikusiaz
gau izartsuen diztira…

Mendigurina, Mairua(re)n gaztelua
mugarik gabe zerua…
Erremelluri, Mota, Olmo auzuak
zein gogorra den negua!

(Leloa) O, o, o, o... Bastidan izan nahi nuke
o, o, o, o... Bastidan izan nahi nuke...

Urtero-urtero ez dizut huts egin
aurkitu baitut mila atsegin,
bihotzean sakon erroturik
eramaten zaitut nerekin…

Zure paisaiak dituen bazterrak
jendearen gatz ta piperra
Toloño(re)n erakargarritasuna
zure ardoa bezain ederrak !

(Leloa) O, o, o, o... Bastidan izan nahi nuke
o, o, o, o... Bastidan izan nahi nuke...

P.S.: Bastida, Bastida
nere bihotzean betiko bizi da

Arabar Errioxa:
bihotzean ematen didazu poxa

(1996-VI-19an idatzia, oroimin edo nostalgiarekin, eta 2006an 'Ametsek ez dute kartzelarik' poesia, bertso eta kantu hitz sorta biltzen duen nere liburuan argitaratua, Baionako Maiatz elkartearen eskutik).

Kantuaren doinua (eta jatorrizko bertsioa) ezagutu nahi baduzue, hementxe duzue Christy Moore, YouTuben kantari:

http://www.youtube.com/watch?v=G6SWH4XSNDw
http://www.youtube.com/watch?v=R3cSO5Jk-J8&feature=related

The Kilkennys taldearen bertsioa:
http://www.youtube.com/watch?v=FyNZWFwhdU0&feature=related

Patrick's Head taldearen bertsioa:
http://www.youtube.com/watch?v=r54psV1NPMQ

Jatorrizko letra, Bobby Sandsek idatzia, eta beste kantari batzuen bertsioa:
http://www.youtube.com/watch?v=6hj0-un3toc&feature=related

Juanma Sarasola

2011(e)ko azaroaren 7(a), astelehena

Aberri arrotzarengatik hilak (morts pour la "patrie")

(2008ko azaroan Berria-ko Matraka gehigarrian argitaratua)

Milaka hil ziren. Herritik urrun, ezagutzen ez zuten aberri arrotz baten zerbitzura. Etxebehere, Goihenetxe, Kanpandegi, Duinat, Mitxelena, Oihenart, Gartzia, Hiriart, Duhalde, Olasagasti, Olaskoaga, Intxauspe, Arotzarena, Bergara, Martin... Frantzia iparraldeko gudu zelai eta lubakietan I. Mundu Gerran (1914-1918) bizia eman zutenen deiturak dira, Ipar Euskal Herri osoko herrietako plazetako oroitarrietan zizelkatuak. Morts pour la patrie lelopean (aberriaren alde hilak) ageri dira haien izenak, eta urtero azaroaren 11n ohoratzen dituzte, Armistizioaren Egunean, Frantziako bandera eta ikurren artean. Alabaina, soldadu joandako asko eta asko ez ziren gerrara frantses sentimenduaren jabe joan, ezta frantses hizkuntza jakinik ere. Bizirik -zaurituta, gaixo edota mutilatuta, anitz- itzulitakoek eta hilen senideek berenganatuko zuten frantses sentimendua.



Morts pour la patrie... eskuara baizik ez zakiten haiek. Hego Euskal Herriko kantari batek, Gorka Knorrek, konposatu eta abestutako kantuaren leloak aski ongi adierazten du Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako milaka gazteren tragedia. Frantziako armadako buruen aginduak ulertzen ez zituztelako, batzuk desobedientziagatik fusilatu zituzten. Azken agurraren negarra du izena kantuak
-1975ean argitaratua, Nik nahi dudana diskoan-. Haatik, ez ditu aipatzen gerrari izkin egin ziotenak. Izan ere, beste gazte askok gerrara joateko aginduari muzin egin, eta intsumiso eta desertore bihurtu ziren. Ezin herrian segitu, ordea, eta Bidasoaz eta Pirinioez hegoaldera igaro ziren ezkutuan, Hego Euskal Herrian babes hartzeko edo Ameriketara emigratzeko.

Deportatuak, errefuxiatuak...

Knorr Herrialde Katalanetan jaio zen (Tarragona, 1950), baina txikitan Gasteizera eraman zuten gurasoek, eta han ekin zion kantagintzari, 21 urterekin. Azken urteetan politikan aritu da, Eusko Alkartasunako diputatu. Lehenago zortzi disko sortu zituen. Morts pour la patrie lapurtera eta baxenafarrerara hurbilduz konposatu zuen. La Marseillaise Frantziako himnoaren hasierako notekin hasten da Azken agurraren negarra kantua, larailarai larai batekin. Berehala ematen dio bidea gerrara doanari eginiko galderari: Nora zoaz, eskual semea, harma hori eskutan?

Hurrengo estrofak Lapurdi astindu zuen eta Parisek agindutako beste gertaera latz bat dakar gogora: Landetarako deportazioa. Landetaratu gindutenekila dugu orai hil behar... 1793an, Frantziako Iraultzan, gazte lapurtarrek armadari uko egiten ziotela ikusirik, bereziki Sara eta Azkaineko 4.000 lagun Landetara deportatu zituzten. Gazteek ihes egin baitzuten, gehienak ume eta zaharrak ziren: bidean, ahuleziak eta eritasunek jota, erdiak-edo hil ziren. Handik urte batzuetara, herrira itzultzen utzi zietenean, beren etxe eta baserriak suntsituak edo frantsesek hartuak aurkitu zituzten.
120 bat urte geroago, a zer-nolako ohorea arbasoak deportatu zituztenen aginduetara lubakietan hil behar izatea!

Ondorengo estrofak, gerrak etxe guztietara daraman tragedia islatzen du, Pako Aristi idazleak Ahoa Bete Kanta webgunean dioenez: «Bere ama agurtu du / etxolako atarian; / bere amak bisitatuko du / atzerriko hilobian. Argitaratu zenean, 1970eko hamarkadan, euskal militanteak jada erbestean bizi ziren; kantuak egoera harekin bat egiten zuen. Gorka Knorrek bere ahots leun eta sentiberarekin zirraratsu eskaintzen du».




Herri askoren borrokaleku

Ipar Euskal Herrian bezala, Ipar Katalunian, Bretainian eta Korsikan ere, gazte askoren galera ez ezik, herri nortasunaren eta berezko hizkuntzen galera ere eragin zuen Gerra Handiak. Ama hizkuntzaz lotsatu eta baliagarritzat ez jotzerainoko erreakzioa eragin zuen hainbatengan, eta frantses nazionalismoa errotzeko eta sendotzeko, Frantziaren zati sentitzeko, balio izan dute harrezkeroztik egin diren hildakoen aldeko oroitarri eta ekitaldiek.




Frantziaren menpeko lurraldeetatik harago, Erresuma Batuaren menpekoetan ere eragina izan zuen gerrak. Urte haietan, oraindik, armada eta Britainiako administrazioaren menpe zegoen Irlanda osoa. Ohikoa zen gazte irlandar asko, behartuta nahiz boluntario gisa, Erresuma Batuko armadan borrokatzea, Londresen intereseko gerra eta konkistetan. Alemaniaren eta haren aliatuen aurka 1914tik zuten gerrarako, are gazte gehiago behar zituen Londresek, kanoi bazka alegia, Frantzian batez ere, eta abertzale irlandar batzuk erakartzen asmatu zuen. Loialista mordoa ere errekrutatu zuen, batzuk 1912an sortutako UVF Ulsterko Boluntarioen Indarretakoak.

Abertzaleen artean NV Boluntario Nazionalak taldeko batzuk Europa kontinentalean borrokatzen ziren bitartean, beste batzuk etxean borrokatu ziren, 1916ko matxinadan, britainiarren okupazioaren kontra eta Irlandaren independentziaren alde. 1913an sortutako IRA Irlandako Armada Errepublikanoaren barruan aritu ziren.

Paradoxa izan zen irlandar asko etxean etsai zituztenen ondoan ibili zirela atzerrian. Sommeko batailan (Frantziako iparraldean), Irlandako loialista eta Ingalaterrako gazte askorengandik gertu borrokatu ziren hainbat irlandar nazionalista. Irlandarrak 36. (Ulster) Division eta 16. (Irish) Division izenekoetan aritu ziren alemaniarren kontra.

Euskal Herri, Korsika, Bretainia, Herrialde Katalan, Australia, Kanada eta beste hainbat herrialdetako soldaduen fronte eta lubakietan hil ziren. Heriok batu zituen. Halere, toki askotan ofizialki morts pour la patrie dira oraindik...




FITXA

JAKIN BEHARREKOAK
Izena: 'Azken agurraren negarra'.
Egilea: Gorka Knorr (hitzak eta doinua).
Nork grabatua: Gorka Knorr.
Diskoa: 'Nik nahi dudana' (1975, Artezi).
Bertsioak: Iñaki Alfaro, Juan Karlos Irizar, Killers... .

2011(e)ko urriaren 7(a), ostirala

"Karrikakoak frantsesez mintzo ziren, eta kanpainakook eskuaraz" (Extefana Irastortza hendaiarrari elkarrizketa)

2018-10-28an zendu da Extefana Irastortza. Gugan bego!
(Hemen duzuen elkarrizketa Behe Bidasoako Hitza-n argitaratu nuen, 2009ko irailaren 11n. Oharra: Hitz batzuk, ez guziak, hark erabilitako euskalkian utzi ditut).

> Herritarrekin solasean

EXTEFANA IRASTORTZA Hendaiako kanpaindar ohia, olerkaria


«KARRIKAKOAK FRANTSESEZ MINTZO ZIREN,
ETA KANPAINAKOAK ESKUARAZ»


Extefana Irastortza, Senpereko Hatsa Elkartearen Poesia Egunetako batean,
atseden hartzen eta pentsakor. (Argazkia, Juanma Sarasola)

Kanpaindar olerkaria››
Hendaiako kontu zahar ainitz dakizki Asporotz Berriko emakumeak, eta azken urteetan bertso eta poesietan isurtzen ditu atzoko eta oraingo gogoetak

JUANMA SARASOLA / Hendaia

Extefana Irastortza 1925ean jaioa da, Altzan (oraindik herria zela, Donostiako auzo bihurtu aitzin), guraso hendaiarrengandik. Sortzezko abizenak Iribarren Ugalde ditu -ezkontzean hartu zuen senarraren abizena-, eta lau urte zituela, itzuli zen familia osoa Hendaiara. Zubernoa auzoko Asporotz Berri kanpaina-n [baserrian] bizitua, Abadiatik hurbil, gero handik ez oso urrun eraiki zuten etxea: Xabola. Gertaera ugariren lekuko, beste ainitzen ondorioak jasan ditu, tartean hiru gerrarenak. Galtzeko arriskuan den Hendaiako bertako euskara egiten du, eta Senpereko Hatsa Elkartearen urteroko olerki bilduman (Hatsaren Poesia) parte hartzen du urteotan, poesiaz gain euskara biziki maite duelako.

Altzan jaioa zara. Gerra kontuengatik jaio zinen Gipuzkoan, ezta?

Bai. Ene aita zena [Ganix Iribarren], sei hilabete ezkondua zelarik, I. Mundu Gerlan parte hartzerat igorri zuten Belgikarat, Frantziako armadako soldadu. Handik denbora batera etxerat itzultzeko permisionea izan zuen, gerlan zela alaba jaio baitzen. Baina gero, hamabortz egunen buruan, gerlarat itzuli behar zuenean, azkeneko mementuan bere aitak erran zion: «Ze beharra duk harat hiltzerat gateko? Nik Altzan badiat arreba bat baserri batekin, eta harek hemendik geriza eta mantenua emanen dizkik». Hala, aitatxik semea -nire aita- Bidasoaz bertze alderat pasatu zuen. Aitatxi [Martin Jose Iribarren] Goizuetakoa zen, 18 urterekin Hendaiarat etorria, eta hemen esposatua. Karlisten denboran ihesi etorri zen, baina arreba Hegoaldean, Altzan, geratu zen. Eta gero nere ama [Sabina Ugalde], hemen gelditua zenez, etxetik, Fagadi baserritik [Corniche edo Kostako bide ondoan] aita ikusi ahal izateko Bidasoarat hurbiltzen zen igandeetan; bakoitzak alde batetik ikusten zuen bertzea.

Nola elkartu ziren zure gurasoak?

Hala bi urtez egon ziren. Gero mendiz pasa zen ama, bi urte eta erdiko neska altzoan, Berarat. Handik Altzarat gan zen, aita zagoen baserrirat (Iparragirre). Hortakotz naiz ni Altzan sortua. Lau urte nituela etorri ginen Hendaiarat, eta hemengoa sentitzen naiz.

Zeintzuk dira Hendaiako zure lehenbiziko oroitzapenak?

Ni kanpain-an nintzen; bortz-sei kilometro baziren karrikarat gateko, eta ez ginuen automobilik. Eskolarat tranbian gaten nintzen. Miarritzetik Hendaiako garat [geltokirat] etortzen zen, eta hura hartzen nuen; Haizabian gelditzen zen, baita Abadiako jauregiaren aitzinean eta Les Jumeaux-en ere [Dunbarrietan]. Tranbia elektrikoa zen, eta bi xentimo -liberarena- pagatzen nituen, gan-etorriagatik. Eskola librorat -Centre Germainerat- gaten nintzen; gero katixima ere ikasten nuen, eta seroren edo mojen etxean jaten nuen. Katixima eskuaraz egin dut, baina eskolako erakasleek ez zakiten eskuaraz. Zigorrak ezartzen zizkiguten: xokoan puni, belauniko!

Eskolan eta karrikan trufa egiten zizueten euskaraz  aritzeagatik?

Ba. Ez da orai bezala. Orai kanpain-ako edo karrikako haur guziak ibual dire, baina orduan bazen diferentziya karrikako haurren eta kanpain-akoen artean. Karrikakoak frantsesez mintzo ziren, eta kanpain-akoak eskuaraz.

Zertan jostatzen zineten?

Soka saltoan, elkar atxemanka... Bo, oraiko jostetak igualtsuak dire.

Borrokarik ere izanen zen, ezta? 

Ba! Ni jo izatu naute tranbian, jo! [Barrez] Ximiko, eta iletik tiraka! Behin gertatu zen. Hori eskola publiko eta libroko ikasleen artean.

Irun eta Hondarribia parean izaki, 1936ko gerraren batailen eta ondorioen lekuko izanen zinen...

Nik ikusi tut San Martzialgo kaskoan bizi ziren batzuk honat etortzen; auzoko jendea kusiak [lehengusuak] zituzten, eta ez dakit nola pasatu ziren, mendiz-edo. Hemengo kanpain guzietan gerlari ihesi etorritako jendea zagoen. Gure etxean bi egotu ziren: Felipe eta Joxe. Jan truk egiten zuten lana kanpainako lurretan. Nik 11 urte nituen, eta eskolarat gan aurretik Kanetan 10-15 barku ttiki ikusi nituen egun batean, denak Hondarribitik etortzen, aiton-amon, haur ttiki, ama gazteekin... Heiei begira, eskolarako tenorea ahantzi nuen. Ahizpa etorri zitzaidan gero: «Ze aitu haiz uai arte? Eskolako tenorea pasatu da!», eta nik erantzun: «Ze inporta du eskolak, holako miseriaren aitzinean...?!». Irun sutan ikusi nuen. Ogia kario [garesti] zen orduan. Miseria ikusi ginuen...

Eskolaren ondotik zer ikasi edo zertan lan egin zenuen?

12 urterekin utzi nuen eskola, kanpainan aita-amak laguntzeko. Behiak eta azienda zaindu behar ziren, eta kanpainan ez baitzen urik iturritxarat gan behar zen urketa [ur bila]. Sei ahizpa ginen; mutil bakarra gripe espainiarrak jota hil zen, bederatzi hilabeterekin.

Handik gutxira berriz ere gerra oihartzunak. Nazien okupazioa nola gogoratzen duzu?

Ez zen bizitza erraza. Etxe eder guziak hartu zituzten. Jatekoa xuhur zen, kartetan neurtua. Arratsetan kasu! Argiak behar ziren hil, itzali, eta ateak zerratu, itxi.

Erresistentzia ekintzarik izan zen Hendaian edo inguruan?

Hasteko Hendaiako mera [auzapeza] eta Herri Kontseiluko jende ainitz arrestatu zituzten, baita Santa Anako apeza ere [Paul Simon]. Baita 14-15 urteko bi gazte ere; hauek ez ziren gero etorri... Eskolako direkturra, Karrikaburu, ere arrestatu zuten.

Nola ezagutu zenuen senarra?

Ogia ehotzeko maxina [garia ehotzeko makina] zuen haren aitak, eta nik ogiburuak ehotzerat eramatean ezagutu nuen. Egun batez landatik etxerat heldu nintzen, eta kusin batek: «Ttepana -hala deitzen zidaten-, Ttepana! Tori, paper puxka bat eman nau Josephek, tori!». Eman ninduen hitzordu bat halako tokitan ikusi nahi ninduela... eta hara! Hola hasi ginen. Bortz urte elkarrekin ibili ginen, igandeetan, eta astean bakotxa bere etxean... ez orai bezala! [Barrez]. Bortz urteren buruan ezkondu ginen.

Ezkongaietan nola ibili zineten?

Dantzarat gaten ginen, baita zinemarat ere, lehengo kasinorat. Bizikletaz gaten ginen; batzuetan bera bi bizikletarekin etortzen zen, bera berean, eta amarena esku batekin ekarriz. Arratsetan ez ginen ateratzen, iluntzeko behar zen etxerat etorri! 1948an esposatu ginen, Hendaian berean, Herriko Etxe zaharrean; gero Santa Ana elizan meza, eta aperitifa Bergere hotelean, plaian, egin ginuen. Hura mutilaren lagunek pagatzen zuten orduan, beren oparia, presenta zen. Bazkaria etxean, kusinek eta ttanttek [izebek] prestatua: salda, legatza...

Senarra nongoa zenuen?

Urruñakoa. Bere aita harotza zen, Geriza etxekoa, kalekoa. Baina  bazuten ere ogi-yotzeko maxina, kanpainez kanpain gateko.

Lanbide hori desagertua da...

Bertze batzuen gisan. Kisu labeak ere desagertu dira, lurrez tapatu tuzte! Behar da ondarea kontserbatu, baita etxeko eskuara ere!

Euskara maite duzula ikus daiteke zure bertsoetan eta poesietan. Noiz eta nola hasi zinen idazten?

Senarra galdu nuelarik, 1992an, garai gogorrak bizitu nituen. Alabak erran zidan libururen bat hartzeko, baina ez nituen oso gustuko. «Orduan egin bertsoak, nik erakutsiko dizut teknika», erran zidan erakaslea den alabak. Leihoan pausatu zen txantxangorri bati begira eskribatu nuen lehena; seinale bat iduri zuen... Donibane Lohizuneko Begiraleak elkartearekin kantatzen nuen, eta Senpereko Auxtin Zamora ezagutu nuen, Hatsa Elkarteko liburuekin. Galdetu zidan ea etxean bazen gazterik poesiak egiteko, eta ezetz, ez zela, baina beharbada ni animatuko nintzela. Igorri niozkan, eta hala hasi nintzen, duela hamar urte. Heldu den urtekoak ianeko prest ditut!

«Hemengo ‘kanpain’ guzietan 
gerlari ihesi etorritako jendea zegoen.
Gurean bi ‘egotu’ ziren»

«Kisu labeak lurrez
tapatu dituzte! Behar da
ondarea kontserbatu,
etxeko ‘eskuara’ ere!»


XX. MENDEKO LEHEN ZATIKO HENDAIA HURA

Extefana Irastortzak ongi oroitzen du XX. mendeko lehen zatiko Hendaia. «50 kanpain baziren; nere burasoen garaian gehiago. Karrika antolatzeko [konpontzeko] kantonier bat zegoen, Ergi, eta baziren zikin biltzaileak, behi pare batekin -uztarrian- eta orgarekin: Gabilondo eta Erramun. Herri zaintzaileak hiru ziren, eta herriko mutil bat, Grazianet. Honek aitzinetik abisatzen zuen zerbait berri bazen. Bazen ere garde champêtre [landazain] bat. Hiru harotz ere baziren, Xan Ttikia, Dolasque, eta Mendizabal. Horrez gain, zaldi taxi bat zagoen, karrosa polit batekin, Fagoaga jaunarena». 

Hendaia aski beregaina zen: «Hendaiatik bizi zen herria, saltegietan guzietarik zen; taillurra [jostuna], zapataria, epizeria, arno xaia, liburudendak, ostatuak, bolanderia [okindegia], mertzeria, postetxea... Arrain saltzaileak Hondarribitik etortzen ziren, saskiak buruan, battelaz ibaia pasatuz, Kanetaraino. Nere ama zena batzuetan Irunera gaten zen; adixkideak zituen, eta eskualdun ainitz zen Irungo saltokietan».

2010(e)ko otsailaren 19(a), ostirala

Bon Scott joan zela 30 urte

Duela bost urte BERRIA egunkarian argitaratutakoa ekarri dut hona:

BON SCOTT JOAN ZELA 25 URTE

AC/DC-ko kantaria 1980ko otsailaren 19tik 20rako gauean hil zen,
mozkorraldi baten ondoren, bere gonbitoekin itota. 33 urte besterik ez zituen



Juanma Sarasola

Ronald Belford Scott 1946ko uztailaren 9an jaio zen, Kirriemuiren (Eskozia). 1952an Melbournera (Australia) emigratu zuen familiarekin. Umetan, aitarekin eta hainbat emigrante eskoziarrekin batera, gaita banda batean aritu zen, gaita eta danborra jotzen.

Ipurtaire galanta zela erakutsi zuen behin eta berriz, lan berean gutxi iraun baitzuen. Bere izaera askea letretan islatu zuen, hala nola AC/DCrekin idatziriko Rock´n ´Roll singer
kantuan: «Zuretzat 09:00etatik 17:00ak arteko lanaren bizimodua, eta gorbata nahiz lepo gogorra; zuretzat zure balio moralak, guztia gezur zikina baita». Musikarien bizimoduaz zera esan zuen urte batzuk geroago: «Batzuetan, gogorra egiten da biran aritzea, gauero hotel ezberdinetan izatea; baina are okerragoa da tornu baten aurrean egunero, 50 urtez, jardutea. Ni harat-honat nabil eta libre naiz, eta gauero aurpegi berriak ikusten ditut, baita gorputz berriak ukitu ere. Izugarria da, ez dago honen parekorik».

Musika zaletasunari jarraiki, Bon Scottek ibilbide musikal luze eta jori bati ekin zion 1965ean. The Spektorsen aritu zen lehenbizi, eta bertan bateria zein kantari lanak tartekatu zituen. 1967tik 1970 arte The Valentines taldean ibili zen Scott, Vince Lovegrovekin batera kantatzen. Pop biguna jorratu zuen The Valentinesek. Jarraian, 1973 arte, R&B eta country-rock-a lantzen zituen Fraternity taldean jardun zuen, kantari, baina baita flauta eta oboea jotzen ere.

Azkenik, Bonek bere lekua aurkitu zuen, AC/DCn, eta 1974an Dave Evans kantaria ordezkatu ondoren, 1980 arte, hil arte, aritu zen bertan, ironiaz eta zentzu bikoitzez beteriko letrak idatzi eta kantatzen, bere ahots marrantatu bereziarekin. AC/DCrekin, 8 disko ofizial (tartean zuzeneko bat) grabatu zituen, eta bere onenean zela, disko berrirako kantuak egiten ziharduela, eraman zuen Heriok. Azken diskoko Highway to hell kantuan (Infernurako autobidea), zera zioen -modu profetikoan ote?-: «Begiraidazu ama, Promestutako Lurrera noa».

Eta joan, joan zen, baina oroitzapena eta uzta oparoa utzita.